Usurbilgo jaiak

Hainbat hitzordu, jai zaintzaileagoak izateko bidean

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Aurtengoan ere jai zaintzaileagoak izateko apustua egin dute antolatzaileek, gaurko aurkezpen ofizialean jakinarazi dutenez.

"Adin tarte eta zaletasun ezberdinak" asetzen saiatu dela eman du aditzera jai batzordeak, Usurbilgo festen antolakuntza lanei zegokienean, asteazken honetan, ekainaren 17an, uztailaren 1etik 5era biziko dugun ospakizun zikloari lotuta Mikel Laboa plazan eginiko jendaurreko aurkezpen ofizialean.

Azken urteon ildotik, aurtengo "Santixabelak zaintzaileak izatea nahi genuke", adierazi dute jai batzordetik. Horren erakusle, adibide gisa, uztailaren 3ko txu-txu tren arrakastatsuaren lehen zerbitzu ordua Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta zerbitzuko erabiltzaileentzako eskainiko dela.

Horrez gain, Usurbilgo joaldunak ere bueltan izango ditugu festen azken goizean. Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik, Egurtzegitik abiatuko dira, azken urteotan egin izan duten moduan. Horrekin batera, jai batzordeko kideek aditzera eman dutenez, "adinekoen gustukoak izango diren ekitaldiak haientzako egokiak diren orduetan jartzen saiatu gara; bai bertso saioa, bai mariatxiak edota Tapia eta Leturiaren emanaldia, besteak beste".

Azkenik, jaietarako girotzen hasteko, ekainaren 29an, Iñaki Agirresarobe herrikideak jaietako argazki zaharren emanaldia eskainiko du Sutegin; zehazkiago esanda, 1984-2024 urte arteko herriko festetako irudien bilduma.

Ordu lasaiak, prezio bereziekin batera feriagunean
Jai zaintzaileagoak izateko bidean azken urteotan eman den beste urrats baten berri segidan. Usurbilgo jaietan bada eremu bat, ospakizunen aldia gainditzen duena. Lehenago datoz, eta geroago joaten dira. Anbulatorioko ondoko aparkalekuan kokatu ohi duten feriaguneari buruz ari gara. Egunotan bertan aparkatu ohi duenak, ibilgailua ezingo du ohi bezala bertara eraman eta utzi, gaztetxo eta ez hain gaztetxoen jaietako jolas-parkean bilakatzera doa eta. Urtero moduan, adi, bi egunez, uztailaren 3ko Haurren Egunean zehar, nahiz festak amaitu eta biharamunean, hilaren 6an prezio bereziak izango dituzte bertan. Jai batzordeak berri eman duenez, iazko prezioak bere horretan mantenduko dira gainerako egunetan.

Horrez gain, azken urteon ildotik, ordu lasaiak ezarriko dituzte jolas-parke horretan. Bi egunez izango da, Santixabel Egunez, uztailaren 2an, 19:00-20:30 artean eta larunbat eguerdian, 12:00-14:00 artean. Ordu tarte horiek, musika zein argi bizirik gabekoak izango dira.

Ez da soinua murrizturiko ekimen bakarra izango. Ildo horretan kokatu izan du jai batzordeak, baita jaien amaiera ekitaldia ere; azken traka, jaietako zaindaria sutan birritzen den unea ospakizun arrakastatsuan bilakatu ohi duena hain zuzen.