Donostialdeako Etengabeko Arreta Guneen (EAG) egoera "katastrofikoa" salatu du Kalitatezko Osasun Publikoaren aldeko plataformen koordinadorak. Salatzen dutenez, 2024. urtean %36,4 txandetan medikuen faltak izan ziren. 2024ko datuak kontuan izanik, Donostialdeko EAG-ak dira "egoerarik txarrenean" daudenak EAEn.
Herritarren osasuna arriskuan jartzen ari direla salatu dute: "Hernaniko Larrialdiko Zerbitzua medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna; ekitatea hausten du zerbitzuetara iristeko eragiten dituen zailtasunengatik; eta gehiegizko karga sortzen du ospitaleko larrialdietan".
Ez da horrelako elkarretaratze bat egiten duten lehenengo aldia. Izan ere, duela bi hilabete, apirilaren 21ean, Donostiako Ospitalearen aurrean beste bat egin zuten, eta arloko arduraduna den Maite Martinez gerentearekin bilera eskatu zuten. Ordutik, ez dute inolako erantzunik jaso, eta gaurkoarekin, hilabete honetan egiten duten hirugarren kontzentrazioa da, ekainak 5ean Donostian, eta ekainak 12an Errenterian egin baitzituzten.
Osakidetzako buruen "konponduko dugu" eta antzeko esamoldeez "nekatuta" daudela adierazi dute, eta aseguru pribatuen kontratazioak gorantz doazela nabarmendu dute. Horrek, osasun-zerbitzuetarako ekitatea "hautsi eta desberdintasunak areagotzen" dituela esan dute.
Txertoak gaizki
Donostialdeako EAG-en egoera salatzeaz gain, Lasarte-Oria txertoak gaizki jarri diren udalerrien zerrendan sartu dela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, gaur jakin da txerto batzuk protokoloa errespetatu gabe jarri zitzaizkiela Lasarte-Oriako hainbat herritarrei. Ondorioz, "gardentasunez eta informazio osoa" emateko eskatu dute herritarrek, berriro horrelakorik ez gertatzeko.