Herrian, ikasturtea agurtzeko tarte luzeena hartu dutenak dira. Izan ere, agurra emanaldien zikloan bilakatzen dute. Zumarte Musika Eskolari buruz ari gara. Urtero moduan, herrian, herritarrekin batera borobiltzen dute denboraldi bakoitza. Aurtengoan, ekainaren 10ean ekin zioten kontzertuen zikloari. Ordutik, ostegun honetakoa, hilaren 18koa aintzakotzat hartuta, sei kontzertu eskaini dituzte Zumarte barruko askotariko taldeek azken egunotan.
Hilaren 10ean, Zumarte Txiki eta kantu teknikako ikasle gazteek ekin zioten zikloari Sutegiko auditorioan. Pasa den asteburuan, musika eskolako talde instrumental txikiek, talde instrumentalek edota Zumarteko eta Altsasuko saxo taldeek emanaldi bana eskaini zuten Zumarteren atarian, frontoian nahiz herriko kaleetan barrena.
Atzo, Zumarte Gazte Abesbatza eta Kantu Teknikako ikasleen txanda izan zen berriz, Sutegiko auditorioan. Azkenik, gaur, hilaren 18an, Musika Txokoa, Musika Mintzaira eta instrumentuetako ikasleekin kalejira egin dute Zumartetik abiatuta. Askatasuna plazan edota Artzabalen geltoki bana egin dute, uda giro beteko arratsaldean. Mikel Laboa plazan borobildu dute saio ibiltaria, Orbeldikoekin.
Izan ere, ostegun honetarako, hiru kalejira zeuden antolatuak herrian. Zumartekoen ondoren, Orbeldi dantza taldekoek ekitekoa zuten haien bira. Zumartekoen helmuga izan da hain zuzen, dantzarien jiraren abiapuntua. Ondorioz, elkarrekin Zumartekoak agurtu eta elkarrekin Orbeldikoen hitzorduari hasiera ematea erabaki dute; bakoitzak ondoena egiten dakien moduan, batzuk dantzan, besteak unea musikatzen, merezitako oporraldian murgildu aurretik.