Ez dute etenaldirako tarte handirik izaten, urtean zehar martxan duten ikasturtea agurtzerako udako birari ekiten baitiote. Orbeldi dantza taldeaz ari gara. 2025-26 ikasturtea agurtzeko dantza potea antolatu dute ostegun honetan, ekainaren 18an. Hilabeteotako ikastaro, topaketa, herritik kanpoko emanaldi nahiz herri barruko Dantza Egun, inauteri festa eta ekimen gehiago borobiltzeko eguna izan dute gaurkoa. Beste behin, oparo joan zaien ikasturtean tartetxo bat hartu nahi izan dute, lagunartean dantzaz gozatu eta bide batez, herria haien dantzez gozarazteko. Nahi zuenak, gainera, izan du haiekin bat egiteko aukera.
Uda giro beteko bira Mikel Laboa plazan hasi dute eta Artzabalen segi dute gero. Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegin amaitzekoa zuten jira. Gaurkoaren ondotik, uda parteko emanaldien zikloa abiaraziko du Orbeldik Usurbilgo herri eta auzoetako festetan; larunbatean, ekainaren 20an izango dute lehen hitzordua, Kalezarko jaietan.
Zumartekoekin
Kalejiren arratsaldea izan da ostegun honetakoa, ekainaren 18koa. Hiru izan ditugu guztira. Orbedikoena bigarrena izan da. Aurretik, 2025-26 ikasturtea agurtzen lehenengoak Zumarte Musika Eskolakoak izan dira. Hilaren 10ean hasitako emanaldien zikloa gaur borobildu dute, Musika Txokoa, Musika Mintzaira eta instrumentuetako ikasleek eginiko kalejirarekin. Musika eskola atarian hasi eta Mikel Laboa plazan amaitu duten birara batu dira Orbeldikoak, azken txanpan.
Herriko dantzariak hain zuzen, Zumarte Musika Eskolako kideek musikaturiko abestien erritmora hasi dira mugitzen. Gero, eskolakoak agurtu eta Orbeldik bere bidetik segi du dantza poteoa Artzabal alderantz.