2025-26

Herrian plazaraturiko batukada erritmo biziekin amaitu du ikasturtea Emakumeen Etxeak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 18a

Herri erdiguneraino hedaturiko batukada doinu biziekin amaitu du Emakumeen Etxeak, 2025-26 ikasturtea agurtzeko ostegun honetan, ekainaren 18an eginiko topaketa.

Askotariko ekintzekin osaturiko topaketarekin agurtu dute Emakumeen Etxeak 2025-26 ikasturtea. Ostegun honetan, ekainaren 18an izan da. Modu ezin biziagoan eman diote bukaera denboraldiari, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, batukada doinu biziekin.

Gogoan izan, ikasturte honetan zehar batukada feministan trebatzeko aukera izan dute Usurbilgo emakumeek Arantzazu Albizu Escobarrekin eta Ainara Sarasketa Alberdirekin. Ikasturte amaiera honetan herriko kale eta plazak hartu dituzte. Lehenbizi, Kalezarko Pelaioenean eginiko topaketatik eraikin atarian aritu dira auzo erdigunea haien doinu biziekin girotzen.

Kalejiran abiatu dira gero, Belmonte kaletik herri erdigunerantz. Plazan egin dute hurrengo geltokia. Bidean nahiz geltokietan, doinu bizi eta dantzagarriez, gogotsu asko girotu dute kalejirena izandako ostegun arratsalde hau.

"Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua igotzeko. Denok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteak entzuten ikasteko. Emakumeok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko". Horiexek ziren ikastaroa abiatu aurretik bideratzekoak zituzten saioen helburuak. Gaur, herriko kale eta plazetan argi bete dituztela agerian utzi dute.

Topaketa
Kalejira abiatu aurretik, gai gehiago ere jorratzekoak ziren ikasturte amaierako topaketan:
-Udaberriko ikastaroen balorazioa.
-Udazkeneko ikastaroen proposamenak.
-Aholkularitza zerbitzuen balorazioa.
-Parekidetasun sailaren aurkezpena.
-Talde sustatzailearen aurkezpena.
-Gazte feministen aurkezpena.
-Hausnarketarako gunea.