Osteguneko hasiera ekitaldi eta egunbeteko solasaldien ondotik, Jakin Jardunaldiaren bigarren eta azken egunari ekingo diote ostiral goiz honetan, ekainaren 19an, Artzabalen. Segidan duzue, UEU-ren 54. udako ikastaroen baitan, UEUk berak, Jakinek eta Udalak antolaturiko "Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak" jardunaldiaren baitan, gaurkoa ahotan hartuko dituzten gaien zerrenda eta horiek jorratzeko Artzabalen izango diren hizlariak.
Atzoko saioaren antzera, gaurkoa ere Berriak zuzenean eskainiko du.
Aurtengoan, antolatzaileen esanetan, "kezka zahar" bati heldu nahi diote; "euskararen eta euskaldunen adierazkortasunari". Euskarari buruz jardungo dute, beraz, bertan parte hartuko duten aditu, aritu eta ikus-entzuleek. "
Usurbilgo saioen helburua, "euskara adierazkorra sortzea eta gizarteratzeko gako, irizpide eta azpiegituren inguruan pentsatzea" izango da, baita "adierazkortasuna lantzeko bideak hiztunen legitimitatearekin, hizkuntz ideologiekin eta hautu euskaltzaleekin elkarrizketan jartzea" edota "iragan hurbileko esperientziak eta urratutako bideak ezagutzea, gaur egunerako norabideak pentsatzeko".
Jardunaldiok "euskararen adierazkortasuna lantzeko gakoak pentsatu nahi dituenarentzat", "bere jardunean erabiltzen dituen hizkuntz ereduez gogoeta egin nahi duen kulturgilearentzat" edota "euskara adierazkorragoa sustatu eta gizarteratzeko bideak landu nahi dituenarentzat" zuzendua egongo da.
Euskararen eta euskaldunen adierazkortasuna mintzagai nagusi izango duen aurtengo Jakin Jardunaldia baliatu nahi dute antolatzaileek "pentsatzeko, gaur egungo Euskal Herriaren luze-zabalean eta kulturaren koadrante guztietan, zeintzuk diren euskara adierazkorra(k) lantzeko apustuen norabideak: nola probestu hortik eta hemendik –tradiziotik bezala randomkiro sortutako lagunarteetatik edo ahalduntze linguistiko-politikoetatik– jasotzea baliabideak eta esperientziak; nola lortu hiztunak baliabide horietan trebatzeko kontzientziak piztea eta bideak eskaintzea; eta nola gaurkotu eredu horiek guztiak sozializatuko dizkigun erresonantzia kutxa eraginkor bat".
Jakin Jardunaldia
Izenburua: "Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak".
Noiz: ekainak 18, 19.
Ordutegia: ekainaren 18an, 09:00-17:30 artean eta hilaren 19an, 09:30-14:30 artean.
Ordu kopurua: 15.
Egitaraua:
Ekainak 19, ostirala
09:15-09:30 Hasiera.
09:30-10:30 Kulturen hizkerak, hizkeren kulturak: hautu linguistiko-ideologikoak kulturgintzan.
Iratxe Retolaza Gutierrez (Literatur kritikaria eta ikertzailea).
10:30-11:45 Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna lantzeko ereduak eta bideak euskara idatzian.
-Garazi Arrula Ruiz (Idazlea, itzultzailea eta editorea).
-Gorka Bereziartua Mitxelena (Idazlea eta kazetaria).
-Danele Sarriugarte Mochales (Idazlea eta itzultzailea).
11:45-12:15 Atsedenaldia.
12:15-13:30 Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna ikus-entzunezko forma berrietan.
-Lander Arretxea Bereziartua (Hiru Damatxoko kidea eta Linbo-ko zuzendaria).
-Ana Sarria Muxika (BADA Ipar EHko gazte hedabideko kidea eta kazetaria).
-Martin Ziarrusta Sanz (Belarrijana podcasteko aurkezlea eta musikaria).
13:30-14:30 Itxiera ekitaldia.
Informazio gehiago eta izen-ematea: ueu.eus
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Jakin, UEU.