Usurbil F.T.-k 50 urte

Beteranoen arteko partidak, erakusketa eta bazkarirako izen-ematea, Usurbil F.T.-ren 50 urteen harira

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 19a

Ekainaren 20an Usurbil F.T.-ko beteranoen arteko neurketak jokatuko dira Haranen, futbol taldeen 50. urtemugako ospakizun zikloaren baitan. Ekainaren 27rako jaialdia prestatu dute bestalde. Egun horretarako bazkaritarako izen-ematea zabalik da oraindik. Azkenik, hilaren 12an irekitako mende erdiko erakusketa ere Sutegin bisita dezakezue asteotan.

 

50 urte betetako Usurbil F.T.-k larunbaterako, ekainaren 20rako finkatua du hurrengo urtemugako ospakizuna. Irudiotako herrikideak futbol zelaira itzuliko dira. Garai desberdinetako Usurbil F.T.-ko jokalariak izandakoak dituzue, bai emakumezkoak zein gizonezkoak. Aipatu moduan, azkenaldian Haranera itzuliak dira entrenatzera. Izan ere, larunbatean lagunarteko neurketak jokatuko dituzte. Goizeko 10:00etan hasita, emakumezkoen arteko neurketa izango da. 12:00etan gizonezkoena, hauen kasuan, Realeko beteranoekin lehiatuko dira.

Garai bateko futbolari herrikideak berriz haien gogoko kirol jardueran jokatzen ikusteko aukera paregabea izango da beraz, hiru egun barru.

Erakusketa
Bestalde, gogoan izan, iragan ostiralean, ekainaren 12an ireki zuen Usurbil F.T.-k Sutegin 50 urteotako ibilbidea irudikaturiko erakusketa. Ekainaren 28ra arte zabalik izango duzue, ostegunetik larunbatera, 18:00-20:00 artean, aipatu moduan, kultur-etxeko auditorioan. Hamarkadaka antolaturiko hitz eta irudi bilduma zabalarekin, futbol taldeen bilguneak izandako bilakaera ezagutzeko aukera izango duzue.

Bazkarirako izen-ematea
Ez da izango asteotarako antolaturiko hitzordu bakarra; futbolari beteranoen arteko neurketak antolatu dituzte ekainaren 20an, edota egun osoko jaialdia hilaren 27an. Hasteko, hilaren 27ko goizeko 10:00etatik aurrera, futbol eskolakoentzako eta infantil mailakoentzako ginkana antolatu diete Usurbil F.T.-koek. Gero, txaranga ibiliko da eguerdi partean, herrian zehar baita arratsalde partean ere. The Hastelen´s taldekoak gonbidatu dituzte iluntzeko erromerirako Mikel Laboa plazan eta haien ostean, Dj saioa izango da.

Jaialdi horretan zehar, besteak beste, egungo nahiz hamarkada hauetako guztietako kideak elkartu nahi ditu Usurbil Futbol Taldeak bazkari baten bueltan. Otordu hori, hilaren 27an izango da aipatu moduan, 14:30etan Agerialdeko frontoian. Gogoan izango duzue, maiatzaren 3ra arte aurre izen-emateko aukera izan zutela hala nahi zutenek bazkari horretarako. Eman beharreko ezinbesteko urratsa zen, gerora zabaldu asmo zuten izen-emate ofizialean lehentasuna izateko. Izena emateko epealdi ofizial hori zabalik dago.

Futbol taldeen bilguneak tramitazio hori bideratzeko galdetegi bat eseki du haien sare sozialetan, esteka honetan duzuen hauxe hain zuzen: Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaria

Galdetegi hori beteta edo Aitzagan ere salgai izango dituzue bazkaritarako txartelak, ekainaren 22ra arte.
Galdetegia betetzeko zailtasunak izan nahiz argibide gehiago jasotzeko usurbil.uft@gmail.com helbidera idatzi ahalko da.