Aurreikusitakoa bete daitekeela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Izan ere, abisu horiz eta laranjez jositako asteburua datorkigu. Beroagatik eta ekaitz arriskuagatik izango dira indarrean aipaturiko ohartarazpen horiek guztiak.
Egunez egun, ostiral honi, ekainaren 19ari dagokionean, prezipitazio handiagatik abisu horian egongo gara arratsaldeko 16:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte. Tarte horretan, aipatu meteorologia agentziaren arabera, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki Bizkaian eta Araban. Txingorra (1-2 cm) egin dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke (60-100 km/h)".
Larunbatean ere ekaitz arriskuagatik kolore bereko abisua izango da indarrean, 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, Euskalmet-en arabera, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (2-4 cm) egin dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke (70-100 km/h)".
Igandean, alerta laranja bat eta bi abisu hori izango dira indarrean; laranja kolorekoa, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte. Ia 40 graduko tenperatura izan dezakegu hilaren 21ean. Horrekin batera, bi abisu hori ere indarrean izango dira; batetik, baso sute arriskuagatik egun osoz. "Baso-sute arriskua altua da Bizkaian eta Gipuzkoan tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik". Bestalde, tenperatura altu iraunkorragatik ere, egun osoz izango da indarrean abisu horia.
Astebururako iragarpena
Baldintza horiekin, ostiral honetan, hilaren 19an, Usurbilen Euskalmet-ek iragarritakoaren arabera, "giro eguzkitsua" izango dugu nagusi. "Hego-haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak asko igoko dira".
Larunbatean, bestalde, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugula ari da iragartzen Euskalmet. "Iparraldeko haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Igandean, hilaren 21ean, "giro eguzkitsua nagusi. Hego-haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak asko igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.