Alerta laranjan gaurtik beroaldiagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 21a

Alerta laranjan izango gara gaurtik datozen egunotan, biziko dugun beroaldiagatik. Ia 40 graduko tenperatura izango dugu igande honetatik, ekainaren 21etik aurrera.

Sarritan izan ez dugun giro beroa izango dugu igande honetatik, ekainaren 21etik hasita, datozen egunotan. Beroaldi betean izango gara gaurtik, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez. Ondorioz, igande honetatik, alerta laranjan izango gara "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, 12:00-20:00 artean. 36-39 gradu arteko tenperatura izan dezakegu datozen orduotan. Horrekin batera, egun osoz, abisu horian izango gara tenperatura altu iraunkorragatik eta baso sute arriskuagatik.

Egoera berean jarraituko dugu datorren aste hasieran ere; aipatu alerta eta abisu horiek guztiek indarrean segiko dute aipatu ordu tarteetan.

Giro honekin, igande honetan, ekainaren 21ean, Usurbilen "hodeiak eta ostarteak; noizbehinka zaparradaren bat bota lezake. Ipar-haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da". Astelehenean, hilaren 22an, "giroa eguzkitsu egongo da. Goizetik aurrera ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi igo eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.

Aholkuak
Aipatu moduan, sarritan izaten ez dugun alerta laranjan izango gara egunotan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jarriko du indarrean. Horregatik, honako gomendio sorta plazaratu du beroaldi egunotarako:

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.

Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.