Usurbilgo jaiak

Haurren Eguneko ginkanan eta erronkan izena emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 21a

Uztailaren 3ko Haurren Eguneko goiz partean izango diren bi ekintzetan izena emateko azken eguna izango da igande hau, ekainaren 21a. Uztailaren 1etik 5era ospatuko diren jaiei begirako deialdi gehiago ere martxan dira. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Gazte bazkaria
Bestalde, uztailaren 3an ospatuko da Gazteen eta Haurren Eguna. Gazteen Egunari dagokionean, txosnetan egingo den bazkarirako txartelak Aitzagan edo Txirristran eskuratu ahalko dira, ekainaren 25era arte. 

Jubilatuen bazkaria
Txartelen salmentari lotutako deialdi gehiago. Uztailaren 3an bertan, 14:00etan jubilatuen bazkaria egingo dute Atxega jauregian. Otordurako txartelak ekainaren 22ko goizeko 10:00etan jarriko dituzte salgai bi egunez, hilaren 22an eta 23an, guneotan: udal gizarte zerbitzuetan eta hiru jubilatu elkarteetan. 60-65 urte artekoek 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte, 10 euroren truke 65 urtetik gorakoek. Honenbestez, gutxienez 60 urte beteak izatea edo aurten betetzea, bazkari horretara joateko ezinbesteko baldintza izango da, baita Usurbilen erroldatua egotea ere. Halere, bi salbuespen ezarri ditu antolakuntzak:
-60 urte baino gutxiago dituen pertsona joan ahal izango da (bazkariaren koste osoa ordainduz), beti ere, bikoteak baldintza orokorrak betetzen baditu eta bera ere herrian erroldatuta badago).
-Aparteko egoera bereziak ere aintzakotzat hartuko dituzte: Udalak, kasuan kasu, erabakiko du.

Hona hemen, otorduan dastatu ahalko den menua:
-Dastaketa: urdaiazpiko iberikoa, bakailao entsalada epela, foie eta onddoen karraskaria, porru eta ganben hostorea.
-Aukeratzeko: bakailu konfitatua pikillo piperrekin eta txahal-masailak ardo beltzarekin.
-Postrea aukeran: tartak dastatzeko aukera (edo jogurt krema fruitu gorriekin).
-Edariak: ardoa, sagardoa, ura, kafea.


Haurren Eguna
Haurren Egunari dagokionean, urtero moduan, guraso talde bat ariko da auzolanean goizetik arratsaldera izango diren ekimenetan. Hitzordu horien artean, 9:45ean udaletxe atariko plazan abiatuko den jaialdiko goiz partean, aurreko urteen antzera, LH1-4koek ginkanan parte hartu ahalko dute eta LH5-DBH2 artekoek erronkan. Ekimenotan aurrez eman beharko da izena, igande hau, ekainaren 21a baino lehen. Herrian ikasten dutenek ikastetxeetan bertan bideratu ahalko dute izen-ematea. Baina badirenez hainbat gaztetxo Usurbilen bizi arren, herritik kanpo ikasten dutenak, bereziki haiei zuzenduriko izen-emate deialdia plazaratu dute gurasook.

Antolatzaileek egun horri begirako pare bat ohar plazaratu dituzte; batetik, “partehartzaile guztiek koadrodun zapia ekarri beharko dute, elkarrekin Haurren Eguneko abestia kantatu ondoren, jolasetan parte hartzeko”. Bestalde, ginkanako parte hartzaileek kolore hauetako kamiseta jantzita agertu beharko dute: LH1ekoek urdina, LH2koek berdea, LH3koek txuria eta LH4koek morea.

Bai ginkanan baita erronkan parte hartuko dutenei aldatzeko arropa ekartzea gomendatzen diete antolatzaileek.


Usurbilgo jaiei begirako datozen deialdiak
Ekainaren 21era arte
Uztailaren 3ko Haurren Eguneko LH1-4koentzako ginkanan eta LH5-DBH2 artekoentzako erronkan izen-ematea: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com

Ekainak 22, 23
Ekainaren 22ko 10:00etatik aurrera,
uztailaren 3an 14:00etan Atxega jauregian egingo den jubilatuen bazkariko txartelak salgai, hiru jubilatuen elkarteetan eta udal gizarte zerbitzuetan.

Ekainaren 25era arte

Uztailaren 3ko Gazte Eguneko bazkaritarako txartelen salmenta Aitzaga eta Txirristra tabernetan.