Abisu horiak sarriagotan izaten dira indarrean, noiz edo noiz alerta laranjaren batean eraginpean izan gara negu partean elurragatik, euriagatik edo uda parteko beroagatik. Baina gutxitan edo ia inoiz Eusko Jaurlaritzak aktibatzen ez duena alerta maila gorena izaten da, alarma gorria hain zuzen. Astelehen honetan, ekainaren 22an izango da indarrean eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte, "muturreko tenperatura altuagatik" eta "lurralde osoari eragingo dion bero-gertakari oso bizi baten aurreikuspenaren aurrean". Hain zuzen, 40 gradu inguruko tenperatura izan dezakegula ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia.
Baina haratago doa alarma gorria indarrean jartzeak duen eragina. Izan ere, Eusko Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez, "Segurtasun Sailak LABIren 0 egoera, Larrialdi Fasea ezarriko du, bihar eguerdiko 12:00etatik aurrera. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak egunaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu, SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez".
Alarma gorri horrekin batera, alerta laranjan izango gara egun osoz, tenperatura altu iraunkorragatik. 20-21 graduko gutxieneko tenperatura izan dezakegu eta gehienez jota 40 gradu ingurukoa.
Abisu hori bat ere indarrean izango da, baso sute arriskuari lotutakoa hain zuzen egun osoz. "Baso-sute arriskua altua da tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Alerta laranjara itzulera
Asteartean, ekainaren 23an, ez du askorik freskatuko. Alerta laranjan segiko dugu tenperatura altu iraunkorragatik egun osoz eta baita muturreko tenperatua oso altuengatik ere 12:00-20:00 artean. Baso sute arriskuagatik ere abisu horian segiko dugu etzi.
Egunotako iragarpena
Gainerakoan, nola ez, gutxitan izan ohi dugun halako bero itzelarekin batera, giro eguzkitsua izango dugu egunotan. "Giro eguzkitsua nagusi. Hego-haizea ibiliko da, arratsaldean brisa. Tenperatura maximoak asko igoko dira" igande honetan, ekainaren 21ean, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Beroagatik alerta laranjaren eraginpean izango gara.
Astelehenean, hilaren 22an, "giroa eguzkitsu egongo da. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igo eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Azkenik, asteartean, hilaren 23an, "eguzkia jaun eta jabe; goizean goiz behe-hodei batzuk agertuko dira. Brisa. Tenperaturan aldaketa handirik ez".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.
Gomendio orokorrak
Berriki Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak onarturiko 2026ko Bero Planeko gomendioak aintzakotzat hartzea galdegin du aipatu erakundeak "datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean".
Aire zabaleko berotik babestea
-Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
-Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
-Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
-Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
-Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
-Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
-Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
-Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
-Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
-Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
-Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
-Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
-Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
-Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
-Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
-Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
-Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
-Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
-Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa
-Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
-Etengabe hidratatzea.
-Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
-Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
-Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.
Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.