Beroaldia

Beroagatik alarma gorrian gara, alerta egoeran segiko dugu egunotan

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 22a

Astelehen eguerdiko 12:00etan indarrean jarri du Eusko Jaurlaritzak alarma gorria "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko. 40 graduko tenperatura arriskuagatik alerta egoeran segiko dugu asteazkenera arte, ekainaren 24ra arte gutxienez. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko".

Oporraldi betean dira ikasleak, atseden garai luze honetako lehen astelehena zuten gaurkoa, baina ez dabil mugimendu handirik herriko kaleetan. Etxeetako pertsiana asko jaitsita, leihoak itxita, toldoak zabalik. Zenbait terrazetan itzalpean dira, baina gainerakoan nahiko hutsik herri erdigunea astelehen eguerdi honetan, ekainaren 22an. Eguerdiko 12:00etatik Eusko Jaurlaritzak oso gutxitan aktibatu ohi duen iragarritako alarma gorria indarrean da, 40 graduko tenperatura izateko arriskuagatik. Alarma gorria aktibatzearekin batera, Segurtasun Sailak "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko".

Bistan denez, bero da eta nabari da kalean eta etxean. Askatasuna plaza izan liteke herri erdigunean, babesleku klimatikoetako bat, bertan den itzalagatik, baina baita Udalak martxan jarritako aspertsoreari esker, busti eta freskatzeko aukera baitago.

Gainerakoan, bero sapa itzela dugu orduotan. Ez dirudi, gainera, giroak freskatze aldera joko duenik datozen egunotan. Astelehen honetan, ekainaren 22an alarma gorriaren eraginpean izango gara, asteartean eta asteazkenean, hilaren 23an eta 24an hurrenez hurren, alerta laranjan izango garela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia; alarma gorrian segiko du Gipuzkoa barnealdeak.

Alarma eta alerta artean
Hainbat alarma, alerta eta abisu artean joango zaizkigu datozen egunok. Hemen, xehetasunak:

Ekainak 22, astelehena
-Alarma gorria muturreko tenperatura oso altuengatik, 12:00-20:00 artean.
-Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik, egun osoz.
-Abisu horia baso sute arriskuagatik egun osoz.

Ekainak 23, asteartea
-Alerta laranja (alarma gorria Gipuzkoa barnealdean) muturreko tenperatura oso altuengatik, 12:00-18:00 artean.
-Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik, egun osoz.
-Abisu horia baso sute arriskuagatik egun osoz.

Ekainak 24, asteazkena
-Alerta laranja (alarma gorria Gipuzkoa barnealdean) muturreko tenperatura oso altuengatik, 12:00-18:00 artean.
-Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik, egun osoz.
-Abisu horia baso sute arriskuagatik egun osoz.

Egunotarako iragarpena
Egun eguzkitsuak izango ditugu astean zehar, Euskalmet meteorologia agentzia iragartzen ari denez, asteazken arratsaldera arte. Orduan, hilaren 24an, " arratsalde-gau partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeia batzuk" izan ditzakegu Usurbilen.

Tenperaturari dagokionean, 35-37 gradu arteko tenperatura izan dezakegu egunotan. Gau partean ez du askorik freskatuko, asko jota 24 gradura arte murriztu daiteke tenperatura.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.