Beroaldia

San Joan gaueko suak "baso-masetatik hurbil" ez piztea aholkatu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 22a

Alarma gorrian gara 40 graduko tenperatura izateko arriskuagatik. Horrekin batera, baso sute arriskuagatik ere abisu horian da. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko". Testuinguru horretan, ekainaren 23ko San Joan gaueko suak pizteari lotutako aholkua plazaratu du.

Beroaldi betean gara asteburuaz geroztik eta hala segiko dugu hurrengo egunotan ere, bai behintzat, asteazkenera arte, ekainaren 24ra arte. Astelehen honetan, 12:00-20:00 artean alarma gorrian izango gara muturreko tenperatura oso altuagatik eta asteartean zein asteazkenean alerta laranjan, 12:00-18:00 artean. Horrez gain, tenperatura altu iraunkorragatik alerta laranjan izango gara etzira arte. Hori gutxi ez eta abisu horia ere indarrean izango da ordura arte 24 orduz baso sute arriskuagatik. "Baso-sute arriskua altua da tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Beroaldi betean egokituko da aurten, ekainaren 23a, eguna eta baita gaur partea ere, San Joan gau ezaguna. Nonahi sutzarrak pizten diren unea izaten da. Horri lotutako aholkua plazaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Izan ere, astelehen honetako, ekainaren 22ko beroaldiari lotutako alarma gorriaren harira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko". Testuinguru horretan, ekainaren 23ko gauean errotua dugun ohitura zahar hau berritzeko hitzorduei dagokienean, sutzarrok "baso-masetatik hurbil dauden eremuetan" ez piztea aholkatu du Eusko Jaurlaritzak. Hala aholkatu du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Egoera aztertzeko deia egin die "erakunde eskudunei" eta "hala badagokio", aipatu erabaki hori hartzea gomendatu du.

Geure inguruan, sutzarrak piztu ohi dira urtero, Usurbilgo hainbat auzo eta herrietan; Kalezarren, Santuenean, edota Zubietan. Landa eremuan ere are gehiago pizten dira urtero. Adi, ibiltzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.