Beroaldia

Zaintzarako prebentzio eta aholku sorta plazaratu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 22a

Egunotarako alarma gorri eta alerta laranjak tarteko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko". Testuinguru horretan prebentzio eta aholku sorta plazaratu dute.

Batetik, Osalanek Osasun Publikoarekin eta Larrialdiekin lankidetzan, "laneko inguruneetan beroaren aurreko prebentzioa indartzea gomendatzen die enpresei, Prebentzio Zerbitzuen bitartez, jarduketa horiek har eta indar ditzaten eskatuz. Horrela, baldintza horietan egindako lanak ebaluatzeko eta beharrezko prebentzio-neurriak planifikatzeko jarraibideak bidali zaizkie prebentzio-zerbitzuei".

Horretarako, "lanpostuari berari lotutako faktoreak hartuko dira kontuan, baita langileak beroarekiko duen urrakortasuna ere. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da lanaren antolaketa aldatzea (ordutegia, karga, lan-erritmoa, txandakatzeak, bakarkako lana saihestea...); eguzki-oihalak edo itzala sortzeko beste baliabide eraginkor batzuk jartzea, eguzkipean postu iraunkorrik balego; langileei ur fresko ugari ematea, baita atseden hartzeko leku freskoak, estaliak edo itzalpekoak ere, atseden hartu ahal izateko; lantokien barruan gehiegizko tenperatura murriztea, aireztapen naturala edo haizagailudun aireztapena erraztuz; beroarekiko bereziki sentikorrak diren pertsonen esposizioa kontrolatzea eta mugatzea".

Lan-eremutik kanpo, egunotako beroaldia tarteko, geure zaintzarako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak "muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du".

Aire zabaleko berotik babestea
-Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
-Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
-Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
-Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
-Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
-Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea
-Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
-Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
-Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
-Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
-Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
-Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea
-Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
-Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
-Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
-Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea
-Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
-Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
-Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Laneko arriskuen prebentzioa
-Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
-Etengabe hidratatzea.
-Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
-Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
-Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.