Udaletik jakinarazi dutenez, "Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen inguruko neurriak eta gomendioak" adostea zuen xede, astelehen goiz honetan, ekainaren 22an, udal barruko hainbat sailen arteko "larrialdiko bilerak".
Muturreko tenperatura oso altuak tarteko, gaur indarrean den alarma gorriaren eta datozen bi egunotan izango dugun alerta laranjaren harira, egoera behatu eta aipaturiko neurriak jartzeko saioan, "Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, hiru eremutarako neurriak eta gomendioak aztertu dira: aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen ingurukoak", Udaletik ohar bidez jakinarazi dutenez.
Alorrez alor, hona hemen Udalak egunotarako hartutako neurrien berri:
Aire zabaleko jarduerak
-Udala ekipamendu publikoak babesleku gisa eskaintzeko azterketa egiten ari da.
-Askatasuna plazako aspertsorea goizetik jarriko da martxan, eta leku gehiagotara zabaltzeko aukera ere aztertuko da.
-Sanjoan suak: egingo diren leku guztietan mangerak izango dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatu du baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak piztea saihesteko.
-Bestelako neurrien zain, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendioei jarraitzea aholkatzen da.
-Zerbitzuak:
• Hondakinen bilketa aurreratu egingo da, eguneko ordurik beroenak saihesteko: hondakinak ohi baino ordu eta erdi lehenago ateratzea gomendatzen da. Era berean, larrialdi guneak egun osoan irekita izango dira.
• Kirol Sailak jakinarazi duenez, suteaz geroztik, aire girotuaren sistema ez dabil ondo, eta ez daude kirola egiteko baldintza egokiak. Kirol saila egoera kudeatzen ari da, eta erabiltzaileei gomendio orokorrak bidaliko dizkie.
Pertsona zaurgarrienei begirako neurriak
-Ekainaren 23ko Goazen kalera saioa bertan behera geldituko da, paseoa gauzatzeko baldintza egokirik ez delako izango.
Laneko arriskuen prebentzioa
-Barruko espazioetan zein kalean lan egiten duten udal-langileentzako aukerak aztertu eta bideratuko dira.