Udal lan deialdiak
Gizarte zerbitzu, berdintasun eta aniztasun/jarduera fisiko eta kiroleko administraria lanpostua betetzeko deialdia
Iazko 2025eko apirilaren 8an argitaratu zuen Udalak lan deialdi horri lotutako oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. "Ondoren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta izangaiak aurkezteko epea ireki zen", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez. Beste urrats bat eman dute orain. Izan ere, "izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren behin-behineko zerrendak onartu behar dira". Beraz, horixe; "Gizarte Zerbitzu, berdintasun eta aniztasun/jarduera fisiko eta kiroleko administraria lanpostua betetzeko oposaketa-lehiaketa prozesuan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda" onartu du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Orain, bihartik, ekainaren 24tik zenbatzen hasita, 10 laneguneko epealdia izango dute interesdunek alegazioak aurkezteko.
2026ko udal dirulaguntzen deialdiak
Etxebizitza alokatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horri lotutako oinarriak otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdian guztira zazpi eskabide aurkeztu ziren. Haietatik bi eskabide diruz laguntzea onartu du Udalak, beste bostak ez, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleraturiko ebazpenaren bidez.
Etxebizitzan igogailua instalatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horren oinarriak ere otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Gerora irekitako epealdiaren baitan, ez zen eskabiderik aurkeztu. Ondorioz, deialdi horri lotutako "espedientea amaitutzat ematea" erabaki du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.
Ingurumen arloko egitasmoetarako dirulaguntza deialdia
Gainerako deialdien antzera, honako honen oinarriak ere iragan otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez kaleratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdiaren baitan, kasu honetan, bi eskaera aurkeztu ziren. Biei guztira, 7.008,25 euro ematea erabaki du Udalak. "Erabaki hau finkoa da eta amaiera jarri dio administrazio-bideari", jakinarazi du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.