Udajolasi buruzko argibideak jasotzeko guraso bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 23a

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak uztailaren 6tik 30era antolaturiko udalekuetan aurrez izena emandako haur eta gaztetxoen guraso edota zaintzaileei zuzenduriko bilera izango da astearte honetan, ekainaren 23an, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.

Heldu da uda garaia, oporretan dira jada haur eta gaztetxoak, haietako asko, berrehunetik gora lagunarte ederrean, urte garai honetako goizak jolasean igarotzeko zain izango dira. Izan ere, hastear da NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas. Iaz, herriko jaietan murgildu aurretik abiatu bazen ere, aurtengoan, uztailaren 6an hasiko da, Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean, honenbestez. Hilaren 30era arte luzatuko da. Ohi bezala, astelehenetik ostiralera, goizero eta lau orduz izango da eskaintza hori, 9:30-13:30 artean. Ostegunetan, 16:30ak arte luzatu ohi dute txangoak antolatzen dituztelako.

Udajolasen aurtengo edizioari lotutako xehetasun gehiago jasotzeko bilera deitu dute antolatzaileek, astearte honetan, ekainaren 23an, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan. Apirilaren 16tik 27ra finkatutako epealdiaren baitan, izena emandako 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoen guraso edo zaintzaileei zuzendua izango da gaurko saioa.

Bertan emango dute aditzera zenbat hezitzaile ariko diren lanean, zenbatek eman duten izena, zenbat talde osatu diren... eta kontu gehiago ere bai.

"Udajolasen helburua da Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia bermatzea, hezitzailea eta balioetan oinarritua, euskararen normalizazioa bultzatzeko", antolatzaileen esanetan.