Gau eta egun, etenik ez duen beroaldi betean jarraituko dugu Usurbilen egunotan, bai behintzat ostegunera arte, hilaren 25era arte. Testuinguru honetan, "larrialdi bilera" egin du astelehen honetan, hilaren 22an Usurbilgo Udalak. Atzo jakinarazi moduan, sailen arteko bilkurak gomendio eta neurri sorta aztertu eta onartu zuen, egunotan segida izango duena.
Izan ere, astearte hau, ekainaren 23an, ohitura zaharrak berrituz, udako solstizioari gorazarre egiteko hainbat sutzar piztuko dira nonahi. Herri mailan antolaturikoetan Udalak jakinarazi duenez, "egingo diren leku guztietan mangerak izango dira". Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak "baso-masetatik hurbil dauden eremuetan" surik ez piztea aholkatu du. Izan ere, beroagatik alerta laranjan egoteaz gain, egunotan bezalaxe, gaur ere baso sute arriskuagatik abisu horian segiko dugu egun osoz.
Horrez gain, "Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen inguruko neurriak eta gomendioak" iragarri ditu.
Alorrez alor, hona hemen Udalak egunotarako hartutako neurrien berri:
Aire zabaleko jarduerak
-Udala ekipamendu publikoak babesleku gisa eskaintzeko azterketa egiten ari da.
-Askatasuna plazako aspertsorea goizetik jarriko da martxan, eta leku gehiagotara zabaltzeko aukera ere aztertuko da.
-Sanjoan suak: egingo diren leku guztietan mangerak izango dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatu du baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak piztea saihesteko.
-Bestelako neurrien zain, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendioei jarraitzea aholkatzen da.
-Zerbitzuak:
• Hondakinen bilketa aurreratu egingo da, eguneko ordurik beroenak saihesteko: hondakinak ohi baino ordu eta erdi lehenago ateratzea gomendatzen da. Era berean, larrialdi guneak egun osoan irekita izango dira.
• Kirol Sailak jakinarazi duenez, suteaz geroztik, aire girotuaren sistema ez dabil ondo, eta ez daude kirola egiteko baldintza egokiak. Kirol saila egoera kudeatzen ari da, eta erabiltzaileei gomendio orokorrak bidaliko dizkie.
Pertsona zaurgarrienei begirako neurriak
-Ekainaren 23ko Goazen kalera saioa bertan behera geldituko da, paseoa gauzatzeko baldintza egokirik ez delako izango.
Laneko arriskuen prebentzioa
-Barruko espazioetan zein kalean lan egiten duten udal-langileentzako aukerak aztertu eta bideratuko dira.