Jai giroa soilik ez, festak aldarrikapenarekin bat egin zuen larunbat goizean ekainaren 20an, Haranen ospaturiko Usurbil F.T.-ren 50. urtemugari lotutako ospakizunean. Futbolari beteranoen arteko neurketak jokatu zituzten. Kiroltasunaz gain, lagunartea eta festa giroa nagusitu zen. Baina horrekin guztiarekin batera, aipatu moduan, aldarrietarako tartea ere izan zen hitzorduan zehar.
Irudian ikus dezakezuen moduan, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten ekimeneko parte hartzaileek. Adi, euskal selekzioa hizpide izango dugu hurrengo egunotan. Izan ere, asteazken honetarako, ekainaren 24rako solasaldia antolatu du Aitzaga elkarteak arratsaldeko 19:00etan Sutegiko auditorioan. Amagoia Mujika Telleriak dinamizatuko du.
Parte hartzaileok izango ditu:
1-Jagoba Arrasate, gizonezkoen euskal selekzioko hautatzailea.
2-Oihana Azkorbebeitia, mendi lasterketetako kirolaria.
3-Bultzada Txuriurdineko kide bat.
"A un toke" txapelketa
Euskal selekzioari lotutako beste hitzordu bat ere finkatua dago, kasu honetan, Usurbilgo jaien baitan. Herri honetan belaunaldi bat baino gehiagorengan erroturiko jolasa berreskuratuko dute lehiaketa moduan uztailaren 2an; “auntoke” izenez ezaguturikoari buruz ari gara. Txapelketa ezaguna prestatu dute txosnen ondoko biribilgunean, uztailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, LH 3-6 mailen artean ikasitakoentzat. Euskal selekzioaren aldeko ekimen gisa aurkeztu dute antolatzaileek.