Beroaldiaren erdibidera heldu garela dirudi. Murrizten doaz egunotarako iragarritako abisu, alerta eta alarma ohartarazpenak. Dozena baten bueltan ibili gara egunotako aurreikuspenetan, dozena erdi baten bueltan gabiltza orain.
Halere, bero sapa uxatu ezinik ibiliko gara oraindik asteazken eta ostegun honetan, ekainaren 24an eta 25ean hurrenez hurren. Asteburuko alerta laranjaren ondotik, alarma gorrira igaro ginen aste hasieran. Atzotik alerta laranjan izan gara (alarma gorrian segitzen dute Gipuzkoa barnealdean). Gaur ere alerta laranjan egongo ginela ohartarazi arren, alarma gorrira igaro gara berriz. Ostegun iluntzean freskatuko du nabarmen. Ordura arte, alerta eta abisuon artean joango zaizkigu egunok:
Ekainak 24, asteazkena
-Alarma gorria muturreko tenperatura oso altuengatik (alarma gorrian Gipuzkoa barnealdean), 12:00-20:00 artean.
-Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik, egun osoz.
-Abisu horia baso sute arriskuagatik, egun osoz.
Ekainak 25, osteguna
-Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik, egun osoz.
-Abisu horia muturreko tenperatura oso altuengatik, 12:00-18:00 artean.
Egunotarako iragarpena
36 gradu ingurura arteko tenperatura izan dezakegu egunotan, Euskalmet meteorologia agentzia iragartzen ari denez. 25 gradukoa izango da gutxieneko tenperatura gaurkoan. Bihar iluntzean hasiko da freskatzen. Ostegun arratsalde eta gau partean, nabarmen freskatuko duela jakinarazi du aipatu meteorologia agentziak. 20 gradutik beherako tenperaturara igaro gaitezke ordu gutxiko tartean.
Aurretik, asteazken honetan, ekainaren 24an, "giroa eguzkitsu egongo da, arratsalde-gau partean erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Goizean hego-haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Ostegunean, hilaren 25ean, aldaketa dator egunaren amaieran. "Zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin; egunaren bigarren zatian hodeiak ugarituko dira zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratu arte. Egunaren bigarren zatian zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerditik aurrera ipar-mendebaldekoa nagusituko da bolada gogor batzuekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da, batez ere maximoak", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Ostiralean, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da, goizaldean eta goizean goiz behe-hodeiekin eta arratsaldean bero-hodei batzuekin. Baliteke han-hemenka eta noizean behin zaparradaren bat egitea. Kostaldean brisa ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera. Gehienez jota, 25 graduren bueltako tenperatura izan dezakegu etzi.
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.