Udal Gizarte Zerbitzuak egoitza berrian bihartik aurrera

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 24a

Kale Nagusiko orain arteko egoitzatik udaletxe ondoko Barrenkale 2kora lekuz aldatuko dira udal Gizarte Zerbitzuak.

Udal zerbitzuen aldaketa baten berri segidan. Udaletik jakinarazi dutenez, azken lanen faltan, prest dute Barrenkale 2ko egoitza, udaletxe ondokoa, autobus geltoki parekoa. Ostegun honetan, ekainaren 25ean irekitzekoak direla berri eman dute. Bertan kokatuko dira aurrerantzean, udal Gizarte Zerbitzuak. Toki handiagoa izango dute.

Gogoan izan, orain arte Kale Nagusia 43 behean kokatu dira udal zerbitzuok. "Baina txiki geratua zitzaien, eta herritarren pribatutasuna bermatzeko zailtasunak zituzten". Jendaurreko arretarik gabeko eguna izaten dituzte asteazkenak. Honenbestez, egun hau baliatzen ari dira leku aldaketa egiteko.

Azken lanak
Egoitza berria ostegun honetan bertan irekiko duten arren, azken lan batzuk egitea falta zaiela jakinarazi du Udalak. "Egoitza berria irekiko bada ere, sarrerako irisgarritasun baldintzak hobetzeko zenbait lan egitea falta da. Oraingoz, atarira iristeko zegoen koska baten erdia egokitu da, arrapala txiki bat eginda, gurpildun aulki, orgatxo eta abarrekin bertara iristea errazteko", berri eman dute Udaletik.

Orain arte bezala, aurrerantzean ere, ohiko ordutegian artatzen segiko dute Gizarte Zerbitzuek; astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00 artean, aipatu moduan, asteazkenetan izan ezik, "ez baita aurrez aurreko arreta zerbitzurik eskaintzen".