Ekainari dagokion udalbatzaren osoko bilkura egingo da ostegun honetan, ekainaren 25ean, 18:00etan udaletxeko aretoan. Udaletik helarazia dute, udal ordezkariek ahotan hartuko dituzten gaien zerrenda, aspaldi honetako mardulena. Izan ere, askotariko gaiak izango dituzte mintzagai gaurko saioan.
Zenbait kreditu gehigarri eta konpromiso kreditu onartzekoak dira; tartean, horietako bat, Arrobitxulo Elkarguneari lotutakoa. Horrez gain, gai garrantzitsu askori egingo diote tartea. Hasteko, beste urrats garrantzitsu bat ematekoak dira, irailetik aurrera haur eskola zerbitzua partzuergo barruan eskaintzeko. Hala, "Udarregi ikastolarekin sinatutako 0-3 adin tarteko haur-eskola zerbitzuari dagokion kontratua aldez aurretik etetea" bozkatuko dute udal ordezkariek ostegun honetako, ekainaren 25eko saioan.
Eskualdeari dagokionean, "Beterri-Buruntzako inklusio estrategia garatzeko erakunde arteko lankidetza hitzarmena onartzea" ere ahotan hartuko dute.
Erakunde adierazpen bat eta bi mozio ere bozkatuko dituzte udal ordezkariek. LGTIBQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunari lotutako adierazpena izango dute mintzagai, baita Usurbilgo pediatria-plazari eta foruen abolizioaren 150. urteurrenari eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenari lotutako mozio bana ere.
Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.
Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: ekainak 25, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1-2026ko maiatzaren 28ko bilkurako akta onartzea.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko maiatzaren 19tik ekainaren 12ra (2026/768-2026/939).
3-KALD0003 kreditu gehigarriak onartzea (2026EKKA0003):
4-KALD0004 konpromiso kredituak onartzea: Arrobitxulo Kulturgunearen urteanitzeko izaera (2026EKKA0004).
5-2026ko Plantilla Organikoaren aldaketaren hasierako onarpena eta 2026ko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa (2026FAZE0001).
6-Udarregi ikastolarekin sinatutako 0-3 adin tarteko haur-eskola zerbitzuari dagokion kontratua aldez aurretik etetea (2024LIRZ0001).
7-Santuenea auzoko bilgunearen kudeaketa bilgunea ustiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena ematea (2026LIZE0002).
8-Beterri-Buruntzako eskualdeko inklusio estrategia garatzeko erakunde arteko lankidetza hitzarmena onartzea (2026HITZ0005).
9-Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren inguruko mozioa (2026IMOZ0003).
10-Usurbilgo pediatria-plazaren egonkortasuna sustatzeko eta haren estaldura errazteko neurriei buruzko mozioa (2026IMOZ0004).
11-Ekainak 28, LGTIBQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Adierazpen instituzionala (2026IMOZ0005).
12-Zinegotzi karguari uko egitea eta zinegotzi berriaren kargua hartzeko izapidetza hastea (2026IGBU0001).
13-Galderak eta eskaerak.