Beroari lotutako alertapean igaroko dugun azken eguna gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 25a

Asteburuaz geroztik indarrean izandako beroaldiari lotutako alarma eta alerten eraginpean egoteari utziko diogu ostegun honetan, ekainaren 25ean.

Geure inguruan behintzat, egunotako beroaldiaren amaiera datorkigu ostegun honetan, ekainaren 25ean. Uda giroa izango dugu bihartik aurrera ere, baina tenperatura nabarmen murriztuko dela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Atzo berriz ere, ia 40 gradu inguruko tenperatura izateagatik alarma gorrian izan ostean, alerta laranjan izango gara gaur, hilaren 25ean. Alarma edo alertapean igaroko dugun azken eguna izango da ostegun honetakoa:

Ekainak 25, osteguna
-Alerta laranjan tenperatura altu iraunkorragatik, 18:00ak arte.
-Abisu horian muturreko tenperatura oso altuengatik, 12:00-18:00 artean.
-Abisu horian baso sute arriskuagatik egun osoz.

Iragarpena
Bistan denez, ostegun arratsalde honetatik aurrera, alertarik ez dugu izango indarrean geure inguruan, soilik baso sute arriskuagatik loturikoa mantenduko da aktibatua gauerdira arte. Izan ere, aldaketa dator. 32-34 graduko tenperatura izatetik, 20 gradu pasatxo izatera igaroko gara bapatean, Euskalmet metorologia agentzia iragartzen ari denez, eta euria egin dezake.

Ostiralean, hilaren 26an berriz ere oskarbi esnatuko zaigu eguna. Uda giroko eguna izango dugu, baina egunotako tenperaturarekin zerikusirik ez. Izan ere, gehienez jota 26 graduko tenperatura izango dugu, egunotan baino 10-14 gradu gutxiago, Euskalmet-en arabera.

Antzeko giroa izango dugu baita hilaren 27an ere, larunbatean; 26 gradu inguruko tenperatura gehienez jota eta laino batzuk, gainerakoan eguzkia nagusi.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.


Gune freskoak eta udal neurri gehiago
Gogoan izan, aste hasieran "larrialdi bilera" egin zuen Usurbilgo Udalak, egunotako beroaldiaren aurrean gomendio eta neurri sorta adosteko. Udal sailen arteko bilkura izan zen hilaren 22koa. Bertan, besteak beste, "ekipamendu publikoak babesleku gisa eskaintzeko" aukera aztertzen zebilela jakinarazi zuen Udalak.

Gune freskoak egokitu dituztela jakinarazi dute egunotan. Zabalik izango dira tokiok, ostegun honetan ere, 09:00-20:00 artean: Aginagako Eliza Zaharra, Kalezarko Pelaioeneako goiko solairua, Potxoeneako sotoa, Artzabalgo areto nagusia (13:00etik aurrera). Horrez gain, kanpo espazio zenbait ere badira, Udaletik gogorarazi dutenez: Aranerreka, Askatasuna plaza, San Estebango parkea edota erreka inguruak. 

Gainerakoan, "Udalaz gaindiko erakundeetatik etor daitezkeen erabakien zain, aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei begirako eta laneko arriskuen inguruko neurriak eta gomendioak" iragarri zituen aste hasieran Udalak. Testuinguru horretan, astearteko Goazen Kalera ekimena bertan behera geratu da edota bart gaueko ekainaren 23ko suei begira segurtasun neurri bereziak hartu dira. Adi, ohartarazpen hauek indarrean segi dezakete, beroaldia amaitu artean:

Aire zabaleko jarduerak
-Udala ekipamendu publikoak babesleku gisa eskaintzeko azterketa egiten ari da.
-Askatasuna plazako aspertsorea goizetik jarriko da martxan, eta leku gehiagotara zabaltzeko aukera ere aztertuko da.
-Bestelako neurrien zain, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendioei jarraitzea aholkatzen da.
 -Zerbitzuak:
 • Hondakinen bilketa aurreratu egingo da, eguneko ordurik beroenak saihesteko: hondakinak ohi baino ordu eta erdi lehenago ateratzea gomendatzen da. Era berean, larrialdi guneak egun osoan irekita izango dira.
 • Kirol Sailak jakinarazi duenez, suteaz geroztik, aire girotuaren sistema ez dabil ondo, eta ez daude kirola egiteko baldintza egokiak. Kirol saila egoera kudeatzen ari da, eta erabiltzaileei gomendio orokorrak bidaliko dizkie.

Laneko arriskuen prebentzioa
-Barruko espazioetan zein kalean lan egiten duten udal-langileentzako aukerak aztertu eta bideratuko dira.

Aholkuak
Gogoan izan, egunotako alarma gorri eta alerta laranjak tarteko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak astelehenean "LABIren Larrialdi Fasea deklaratu zuen: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko". Testuinguru horretan, prebentzio eta aholku sorta plazaratu zuten hilaren 22an.

Batetik, Osalanek Osasun Publikoarekin eta Larrialdiekin lankidetzan, "laneko inguruneetan beroaren aurreko prebentzioa indartzea gomendatzen die enpresei, Prebentzio Zerbitzuen bitartez, jarduketa horiek har eta indar ditzaten eskatuz. Horrela, baldintza horietan egindako lanak ebaluatzeko eta beharrezko prebentzio-neurriak planifikatzeko jarraibideak bidali zaizkie prebentzio-zerbitzuei".

Horretarako, "lanpostuari berari lotutako faktoreak hartuko dira kontuan, baita langileak beroarekiko duen urrakortasuna ere. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da lanaren antolaketa aldatzea (ordutegia, karga, lan-erritmoa, txandakatzeak, bakarkako lana saihestea...); eguzki-oihalak edo itzala sortzeko beste baliabide eraginkor batzuk jartzea, eguzkipean postu iraunkorrik balego; langileei ur fresko ugari ematea, baita atseden hartzeko leku freskoak, estaliak edo itzalpekoak ere, atseden hartu ahal izateko; lantokien barruan gehiegizko tenperatura murriztea, aireztapen naturala edo haizagailudun aireztapena erraztuz; beroarekiko bereziki sentikorrak diren pertsonen esposizioa kontrolatzea eta mugatzea".

Lan-eremutik kanpo, egunotako beroaldia tarteko, geure zaintzarako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak "muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du".

Aire zabaleko berotik babestea
-Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
-Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
-Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
-Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
-Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
-Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea
-Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
-Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
-Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
-Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
-Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
-Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea
-Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
-Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
-Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
-Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea
-Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
-Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
-Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Laneko arriskuen prebentzioa
-Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
-Etengabe hidratatzea.
-Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
-Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
-Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.