Dirulaguntza gehiagoren ebazpenak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 25a

Udal dirulaguntza gehiagoren behin betiko ebazpenak kaleratu ditu Udalak egunotan.

Kultur egitasmoak garatzeko dirulaguntzak
Behin betiko onartu zituen Udalak ekainaren 5eko alkatetzaren dekretuz. Otsailaren 12an plazaraturiko deialdiaren harira, 21 eragileren 72 ekintza lagunduko ditu diruz Udalak. Guztira ia 80.000 euroko dirulaguntza (79.973,65 euro) banatuko du Udalak aipatu eragileon artean. Apirilaren 30eko Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak behin behineko ebazpena kaleratu zuen. Interesdunek maiatza amaieran 10 eguneko epealdia izan zuten alegazioak aurkezteko. Tarte horretan ez zen halakorik izan. Aipatu moduan, hilaren 5ean behin betiko onartu zituen dirulaguntzok udalak, ostegun honetako, ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Kultur sorkuntzarako egitasmoentzako dirulaguntzak
Aurrekoaren antzera, otsailaren 12an eskabideak aurkezteko epealdia zabaldu zuen Udalak. Hortik aurrera finkaturiko tartean, hiru eskaera aurkeztu ziren. Horri lotutako behin behineko ebazpena kaleratu zuen Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak. Maiatza amaieran alegazioak aurkezteko zabaldutako epealdian ez zen halakorik egon. Ondorioz, alkatetza dekretuz behin betiko onartu ziren dirulaguntzok ekainaren 5ean, Udalak ostegun honetako, ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez. Guztira, 8.250 euro banatuko ditu Udalak.

Nekazaritza eta abeltzaintzako egitasmoetarako dirulaguntzak
Dirulaguntzon deialdiaren oinarriak ere otsailaren 12an plazaratu zituen Usurbilgo Udalak. Segidan finkatutako epealdiaren baitan, 19 eskabide aurkeztu ziren. Gerora, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak behin behineko ebazpena onartu zuen apirilaren 30ean. Maiatza amaieran alegazioak aurkezteko epealdian, ez zen halakorik izan. Honenbestez, ekainaren 5eko alkatetza dekretu bidez behin betiko onartu ziren udal dirulaguntzok ere. Guztira, 19 eskabideetatik 17 onartu dituzte. 17.404,91 euroko laguntza banatuko du guztira Udalak, asteazken honetako, ekainaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Dirulaguntza lerro hauez gain, behin betiko ebazpen gehiago kaleratu ditu Udalak egunotan:


2026ko udal dirulaguntzen deialdiak
Etxebizitza alokatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horri lotutako oinarriak otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdian guztira zazpi eskabide aurkeztu ziren. Haietatik bi eskabide diruz laguntzea onartu du Udalak, beste bostak ez, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleraturiko ebazpenaren bidez.

Etxebizitzan igogailua instalatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horren oinarriak ere otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Gerora irekitako epealdiaren baitan, ez zen eskabiderik aurkeztu. Ondorioz, deialdi horri lotutako "espedientea amaitutzat ematea" erabaki du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Ingurumen arloko egitasmoetarako dirulaguntza deialdia
Gainerako deialdien antzera, honako honen oinarriak ere iragan otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez kaleratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdiaren baitan, kasu honetan, bi eskaera aurkeztu ziren. Biei guztira, 7.008,25 euro ematea erabaki du Udalak. "Erabaki hau finkoa da eta amaiera jarri dio administrazio-bideari", jakinarazi du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.