Udalbatzaren osoko bilkura

Zinegotzi aldaketa izango du gobernu taldeak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

2023-27 legealdi hasieratik EHBilduren gobernu taldeko kide Xabat Beloki Segurolak zinegotzi karguari uko egin eta azken txanpa honi begirako kide berriaren kargu hartzea izapidetzen hasi direla jakinarazi dute ostegun honetako, ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran.

Martxan den 2023-27 legealdia amaierara bidean den honetan, gobernu taldeak zinegotzi aldaketa izango du. Izan ere, EHBilduren taldearen baitako udal ordezkarietako batek, Xabat Beloki Segurolak zinegotzi karguari uko egin dio. "Uko egitearen gaineko ezagutza hartu denean, zinegotziak karguari dagozkion eskubide eta
betebeharrak izateari uzten dio, nahiz eta hurrengo hautagaiak kargua hartu ez duen. Ukatzea eragingarria da Udalbatzak haren gaineko ezagutza hartu duenean besterik ez; beraz, une hori heldu arte, karguaren eskubideak eta zereginak egikari ditzake", Udalaren esanetan.

Uko egiteko idatzia maiatzaren 28an aurkeztu zuen Belokik. "Idatziak, karguari borondatez uko egiteko arrazoiak adierazten zituen". Orain, udalbatzak hartutako erabakiari buruzko ziurtagiria eta uko egitearen idatziaren kopia helaraziko dizkio Udalak Hauteskunde Batzorde Zentralari. Horrekin batera, zinegotzi berriaren kargu hartzeko izapidetzari ekingo diote.


"Kirolak aukera berri bat eskaini dit"
Karguari uko egiteko unean, hitza hartu nahi izan zuen Xabat Beloki Segurolak. Ibilbide berriari ekitekoa da, pasioz bizi duen eskubaloiari lotutakoa; Bera Bera taldeko bigarren entrenatzailea izango da hurrengo denboraldian. Lehen entrenatzailea ere usurbildarra izango da; Jon Begiristain Agirre.

"Kirolak aukera berri bat eskaini dit eta horri heltzeko unea iritsi zait. Horregatik, kirol zinegotzi gisa, nire etapa amaitutzat emango dut udalbatza honen ondoren", jakinarazi zuen Belokik. Hartutako erabakia ez zela erraza izan adierazi zuen. Agurrean, legealdi honen bere lan alorreko balantzea egiteko baliatu zuen. Kirol arloko zinegotzia izan da. "Kirol Sailaren ardura hartu nuenean, argi nuen, kirola ez zela soilik instalazioen edo lehiaketen kontua, kirola herria egiteko modu bat dela, herritarrak elkartzeko modu bat, bizitza osasungarriagoak eta komunitate sendoagoak eraikitzeko tresna bat. Helburu horrekin lan egin dugu urte hauetan".

Egindakoaz mintzatu zen segidan. "Skate parkearen hobekuntza errealitate bihurtu dugu. Gazte askok urte luzez eskatutako zerbait zen eta gaur egun erabiltzen den espazio bizi eta dinamikoa da. Halaber, Usurbil Mugiment sarean txertatzea lortu dugu. Ez da programa huts bat, herritarren jarduera fisikoa sustatzeko eta osasuna erdigunean jartzeko ikuspegi estrategiko baten aldeko apustua da. Gaur, Usurbil erreferentziazko bidean dago arlo horretan".

Hortik haratago, ordea, aurrera begirako erronkez ere mintzatu zen. "Kudeaketa publikoaren benetako balioa ez dago soilik inauguratutakoan, etorriko dena prestatzen ere badago. Horregatik, pozik uzten ditut bideratuta, hainbat proiektu garrantzitsu; padel pista berriaren proiektua".

Horrekin batera, "herriko kirol egitura indartzeko eta etorkizuneko erronkei hobeto aurre egiteko kluben arteko lankidetza eta bateratze bidea inoiz baino sendoago utziko dugu. Askok desiratu zuten bide hori, askok aipatu zuten, guk berriz martxan jartzea lortu dugu. Ziur nago etorkizunean emango dituela bere fruturik onenak".

Dena egin dutenik ukatu arren, "zintzotasunez esan dezaket, gaurko Usurbilek kirol arloan aukera gehiago, egitura sendoagoak eta etorkizunari begiratzeko oinarri hobeak dituela. Eta hori ez da zinegotzi baten meritua, hori klub, boluntario eta udal langileena da".

"Herriari ekarpena egiteko borondatea da garrantzitsuena"
Ildo horretan, bidelagun izandako hainbat goraipatu nahi izan zituen. "Aipamen berezia egin nahiko nieke Libanari eta Josebari euren dedikazio eta esfortzuagatik. Oso erraza izan da zuekin lan egitea. Baita kiroldegiko sorosle, monitore, garbitzaile zein harrerako langileei ere".

Hitz batzuk zuzendu zizkien gainerako zinegotziei eta alkateari. Oposizioko taldeei galdegin zien, "behar duen garrantzia ematea kirolari, Usurbilgo kirolak epe luzera eskertuko baitu". Talde kide izandako gobernuko kideei eskerrak helarazi nahi izan zizkien "urte hauetan guztietan emandako konfiantzagatik. Gure herriak aurrera egiten du, zuek bezala, beren denbora, energia eta ilusioa besteen zerbitzura jartzen duten pertsonei esker".

Alkateari zuzenduta adierazi zion, "alkate izatea ez da erabakiak hartzea bakarrik, herritarrak entzutea, erronkei aurre egitea eta komunitate osoaren ongizatearen alde etengabe lan egitea ere bada. Zure eguneroko jardunean erakutsi duzu, ardura hori gertutasunez eta konpromisoz. Proiektu, bilera edo kudeaketa bakoitzaren atzean lanordu asko daude, askotan ikusten ez direnak. Zuk egiten duzun lan isil baina etengabe horrek gure udalerriaren aurrerapena eta ongizatea ahalbidetzen ditu eta horregatik merezi duzu aitortza berezia".

Kargua uztea nola ulertzen zuen azaldu zuen amaitzeko, Belokik. "Ez dut inoiz ulertu nire ardura kargu jakin bati lotutako jarduera bezala, herriari ekarpena egiteko borondatea da garrantzitsuena. Batzuetan lehen lerrotik egiten da, beste batzuetan pankarta baten atzetik edo beste edozein tokitatik. Horregatik gaur etapa bat amaitzen dut. Etorkizunak zer ekarriko duen inork ez daki, baina badakit Usurbilek beti mereziko dituela lan egiteko prest dauden pertsonak, beharko dituen uneetan eta behar dituen ardurekin. Orain, kirol mailan erronka berri bati lotuta egongo naiz uztailetik aurrera, baina hemen ikasitakoa eta bizitakoa beti eramango ditut nirekin".

"Ordezkaezina izango da zure ekarpena"
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak bueltan helarazi nahi izan zion eskertza, karguari uko egitera zihoan zinegotziari, "egin duzun lan ikaragarriagatik. Zure ukoak emozio kontrajarriak eragin dizkigula ezin uka; batetik, pena eta tristura, taldea utziko duzulako eta bestalde, izugarrizko poza eta harrotasuna, eskubaloiari lotutako jardunean pauso garrantzitsua ematera zoazelako. Bera Bera eskubaloi taldeko bigarren entrenatzailea izango zara eta hori bada zerbaiten seinale, bada zerbaiten islada".

Gaineratu zuenez, "hiru urteotan utzi duzun arrastoa handia izan da bai gobernu taldean eta bai udalean. Zu izan zara taldera umorea, txantxa, saltsa eta "salsa rosa" ekarri dituen taldekidea. Eta uste dut ordezkaezina izango dela zure ekarpena, beti umoreko, une zail eta gogorrenetan ere". Horregatik, zioenez, "hutsune handia utziko duzu eta ziur nago zure falta nabarmenduko dugula asteleheneroko gure talde bileretan".

Umoreaz gain, "konpromisoa eta erantzukizuna nabarmendu nahiko nituzke, biak ala biak uztarri berean. Hiru urte hauetan, kirol sailean utzi duzun arrastoa, eta egin duzun lana eta ekarpena handia delako. Oso presente izan dituzu hasiera hasieratik gure Legealdiko Planean herritarrekin hartutako konpromisoak eta legealdia amaitzeko urtebete faltan, denak gauzatu dituzu edo gauzatzeko bidean utzita bazoaz". Ildo horretan zioenez, "ez da oharkabean pasatu zure ekarpena, lana eta usurbildarrekin hartutako konpromisoa. Beraz, mila-milesker bihotz bihotzez talde osoaren izenean". 

"Zuekin garaipen gehiago ere iritsiko dira"
Zorterik onena opa nahi izan zion Bera Beran hasiko duen ibilbide berrirako, Belokiri berari eta baita Jon Begiristaini ere. "Badakigu eskubaloia zure pasioa ere badela, han eta hemen arrastoa utzi duzu. Usurbilen gizonezkoen taldea senior mailara igotzea lortu zenuen, Zumaian egindako lana ere aparta izan da, eta ez dugu dudarik, Bera Beran ere ildo beretik arituko zarela. Bi usurbildarren eskuetan egongo da Bera Bera eta hori bada guretzat eta esango nuke usurbildar guztientzat harrotzeko modukoa. Bera Bera erakusten ari den maila eta kirol ibilbidea arrakasta handikoa da, eta ziur nago zuekin garaipen gehiago ere iritsiko direla". 

Erronka zaletzat jo zuen Beloki. "Benetan pertsona jatorra zara Xabat, ausarta, konprometitua, eta guri ekarri diguzuna eramango duzu Bera Berara; umorea eta batez ere saltsa! Milesker Xabat!". Txalo artean agurtu zuten.

Oposiziotik, PSEren ordezkari Petri Romerok izendapenagatik zoriondu zuen "eta munduko zorterik onena datorkizunarekin". EAJ-ren izenean bozeramaile Xabier Otxoak ere zoriondu zuen Beloki. "Pozten naiz asko eta zorte ona izan dezazula etorkizunean. Egindako lanaren emaitza horrek aterako du fruitua lehenago edo beranduago".