Beterri-Buruntza eskualdeari lotutako erabakirik ere hartu zuen udalbatzak osteguneko, ekainaren 25eko osoko bilkuran. Izan ere, "Beterri-Buruntza eskualdean Inklusio Estrategia bateratua sustatzeko eta garatzeko erakunde arteko konpromiso formala arautzea, gizarte-bazterketako, etxegabetasuneko, bizitegi-bazterketa larriko eta zaurgarritasun sozialeko egoerak prebenitzeko, arintzeko eta horiei modu integral, koordinatu, komunitario eta eskubideetan oinarritutako ikuspegitik erantzuteko" lankidetza hitzarmenarekin bat egitea erabaki zuen udalbatzak aho batez. Horrekin batera, alkatea ahalmendu zuten erakunde horren izenean, aipatu lankidetza hitzarmena sinatzeko.
Elkarlan txalotua
"Beterri Buruntza eskualdea osatzen dugun udal guztiok, Beterri Buruntza mankomunitatearekin sinatuko" duten lankidetza hitzarmena izango dela ekarri zuen gogora alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.
"Eskualde mailan bagenuen lan-mahai bat eratua eta martxan. Eskualde mailako gizarte bazterketako egoerei aurre egin eta inklusio eredu eta estrategia bat finkatzeko gogoak batu gintuen". Egokitzat jo zuten lan-mahai horrek "txapel instituzional" bat izatea eta hori, Beterri Buruntza mankomunitate barruan kokatzea, kontrataziorik egin edo dirulaguntzak eskatu ahal izateko, beharrezkoa izango zelako entitate juridiko bat izatea.
Horretara dator, udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez, lankidetza hitzarmena, garrantzitsutzat jo zutena. Izan ere, "garai zail eta konplexu honetan, erakunde guztiok sentitzea beharra, gogoa elkarrekin aritzeko zer eta inklusio gaietan, uste dut badela txalotzekoa".
Lankidetza hitzarmen horrek "atea irekiko dio gure buruari denbora bat emateko estrategia, eredu horren definiziorako eta erredu horretatik eratorriko diren eskualde mailan martxan jarri beharreko zerbitzuak zeintzuk diren, horren guztiaren definiziorako". Lanketa horri ekiteko konpromisoa hartzera zihoazela jakinarazi zuen Solaberrietak.
"Herritarrentzako tresna erabilgarria izango dela espero dugu"
Udal talde guztiek babestu zuten lankidetza hitzarmenarekin bat egitea. EAJ-ren izenean, Ivan Iriondok zioenez, "guretzat argi dago gizarte inklusioa ez dela udal bakar batek erantzun dezakeen erronka bat, ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza, ikuspegi partekatua eta epe luzerako plangintza".
Norabide horretan kokatu zuen bozkatzera zihoazen lankidetza hitzarmena, "Beterri Buruntza mailan estrategia bateratua diseinatzeko aukera ematen duelako, baliabideak hobeto koordinatzeko aukera ematen digulako eta herritarrei erantzun eraginkorrak eskaintzeko aukera ematen digulako".
Hitzarmen horren aurretik, gogora ekarri zuenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko bazterketaren diagnosia egin zuen eta denbora da, bailara mailan gai hau lantzen ari garela. Eredu arrakastatsuak ere baditugu gertu, dagoeneko martxan ipini direnak; adibidez, Zarauzko Udala eta egindako ibilbidean adibide aproposa izaten jarraitzen duena".
Iriondoren esanetan, "lehen zirriborroari egin zaizkion zuzenketak eta ekarpenak txertatu dira, bereziki, alor ekonomikoan eta bereziki, dirulaguntzaren kudeaketari buruzkoak". Izan ere, "gure ustez, politika hauek ez dira inprobisatzen eta elkarlanean eraikitzen dira eta datuetan oinarrituta".
Adostasunera heltzeko egondako borondatea azpimarratu zuen. "Beste kasu askotan ez bezala, kasu honetan, akordioak bilatu nahi izan dira eta erakunde ezberdinen artean gainera. Horregatik lankidetza funtsezkoa dela uste dugu eta horregatik botoa baiezkoa" izateaz gain, "herritarrentzako tresna erabilgarria izango dela espero dugu".