Nola hasi zen dantza proiektua?
Marta: Orbeldi dantza taldean dantzatzen nuen, eta astean behin neska bat etortzen zen gurera dantza garaikidea ematera. Batzuk gustura ginen, beste batzuk ez, eta taldea euskal dantzetakoa zenez, hortik kanpo egitea erabaki zen. Eneko Gilekin hasi ginen, eta azkeneko urtean Maiderrekin ari gara.
Zenbat kide zarete?
Joseba Belaustegi: Historikoki sei eta hamar pertsona artean. Ekainaren 26ko ekitaldia aprobetxatuz, jendeari azaldu nahi diogu zer egiten dugun, taldea egonkortzeko.
Marta: Momentu batzuetan gehiago egon gara, eta beste batzuetan gutxiago.
Maider Oiartzabal: Deitu zidatenean ilusioz hartu nuen erronka. Sei izatea batzuetan.eskasa izaten da. Ikasleek kristoren konpromisoa dute, eta biziraule batzuk dira.
Zergatik atera zineten Orbelditik?
Joseba Belaustegi: Zerbait burokratikoa izan zen. Irakaslearen kontratazioa Orbelditik kanpo egin nahi zen, eta gure burua antolatzera behartuta ikusi genuen, lokala eta antzekoak eskatzeko. Orbeldiren bitartez, lokala eskatzen dugu, baina gu antolatzen gara, autonomia dugu.
Maider Oiartzabal: Nik uste bi lan ildo desberdinak direla. Batetik, dantza tradizionala dago, eta joera bat dago dantza tradizionala garaikidetzeko; eta bestetik, dantza garaikidea bere horretan. Agian, Orbeldik ez zuen ikusten haien lan ildoa zela momentu horretan dantza garaikidea egitea.
Dantza garaikideaz ari gara, baina zer egiten da saioetan?
Joseba Belaustegi: Niretzako garaikidea ez dago hain mugatua dantza konkretu batean edo ikasi behar den dantza batean. Gehiago esperimentatzea da, dimentsio guztietan mugitzen ikastea da. Gu jabetzen gara nola gure gorputza espazioarekin harremanetan jartzen den, eta gehiago jotzen dugu inprobisaziora. Emanaldia ere pixka bat hortik doa.
Maider Oiartzabal: Beno, pauta batzuk baditu. Niri deitu zidatenean nik dantza laborategi bat proposatu nien. Dantza garaikideak baditu hainbat estruktura eta hainbat teknika, baita hainbat estilo desberdin ere. Baina, agian, dantza garaikidean desberdintzen den zerbait da bilatzen duela gorputzaren lengoaia eta adierazpena. Dantza guztien funtsa adieraztea da. Orduan, guk dantza laborategian egiten duguna da pauta batzuk emanez, gure gorputzaren mugimendu organikoetara iristea, esate baterako, kopiarik gabe. Dantza ikasteko modu asko daude. Egia da, koreografia bat erakutsi nahi dugunean, horrek kode eta pauta batzuk dituela, eta halaxe ikasi behar duzu. Esango nuke, hori dela gehien desberdintzen dena. Josebak dioenez, inprobisazioa jartzen dugu oinarrian, eta hortik, norbanakoak bere mugimendua lortzen du. Nik askotan bideratzen ditut ez pentsatzera, eta gorputza sentitzera.
Marta: Azken finean, gure gorputzaren esanetara mugitzen gara.
Marta, zure kasuan dantza garaikidea eta tradizionala egiten dituzu. Aldea nabarituko duzu ezta?
Marta: Bai, ez dute zer ikusirik. Bat oso ikasia da eta bestean gorputzari entzun behar zaio. Puntu bat dago mugimenduarekin disfrutatzen duzula. Nire ustez, mugimendua plazerarekin konektatzen nauen zerbait da.
Maider Oiartzabal: Nik uste ez dela bata ala bestea. Dantza bizitzeko modu desberdinak dira soilik.
Joseba Belaustegi: Gainera, dantza garaikidean teknika ona baldin baduzu, tradizionala askoz adierazkorragoa izango da. Nik buruarekin nabaritzen dut, adibidez. Buruarekin dantza egitea oso zaila da. Nik bakarrik lortzen dut burua mugitzea, tentsioa kentzen dudanean. Zure burua askatzea lortzen duzu, eta tentsioa kentzen diozu gorputzari.
Eta musikari dagokionez, zein musikarekin dantzatzen duzue?
Maider Oiartzabal: Nik uste gehien erabiltzen dudan musika instrumentala dela. Landu nahi dudanaren arabera izaten da, baina beti nahiko instrumentala. Ni, bereziki, instrumentalarekin kontzentratzen naiz. Adibidez, letra bat entzuten badut, zerbait konkretuagoa adieraztera joan naiteke. Libreago sentitzen naiz letrarik ez duen musikarekin.
Joseba Belaustegi: Batzuetan, musikarik gabe ere egin izan dugu. Musika era oso zabalean ulertu daiteke. Isiltasuna edo geldi egoteak zein adierazpen maila daukan ikasten da. Baina ez gaude ohituta. Gu ohituta gaude beti hotsa izatera, eta badirudi ekintza behar dela zerbait adierazteko.
Ekainaren 26an emanaldia duzue, zer egin behar duzue bertan?
Maider Oiartzabal: 26an egin behar duguna da klaseetan egiten ditugun hainbat dinamiken erakustaldiak dira. Plazaratu behar dugunez, testuinguru batean jarri dugu. Usurbil iruditzen zait sorkuntza asko duen herri bat dela. Aipatu gainetik, Zumeta artista handian inspiratu ginela.
Joseba Belaustegi: Aurkezpen txarteltxo bat da. Zazpi urte inguru daramatzagu, eta herriaren aurrean aurkezpen moduko bat egingo dugu jendeak ulertzeko zertan ari garen eta zer den. Herriko baliabideak erabiltzen direnez, herriari zor zaio bueltan zerbait jasotzea. Xumea da, baina gu pozik etortzen gara eta betetzen gaitu.
Nola erreakzionatzen du jendeak saioetara gonbidatzen dituzuenean?
Maider Oiartzabal: Nik ez dakit jende askok dakien egiten duguna. Kartel batzuk jarri genituen, eta herriko hainbat ezagun eta lagunek zer egiten dugun galdetu zidaten. Jakin-mina duena gerturatuko da.
Joseba Belaustegi: Izenak ikaratu egiten dituela uste dut. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua adieraztea zer egiten dugun. Jendea animatzeko esango nuke, hemen ez dagoela ondo edo gaizki dantzatzea; hemen gehiago da zuk asmatzea zure gauzak ondo egiten. Zuk garatuko duzu zure mugimendua.
Zer da gehien gustatzen zaizuena dantza laborategitik?
Marta: Nik dantza garaikidean, adibidez, lotsa galtzen ikasi dut. Gehien balioesten dudana da.
Maider Oiartzabal: Niri gehien gustatzen zaidana da pautak eskaini ahal izatea norbanakoak haren mugimendua aurkitzeko. Gero ikustea gorputzak nola mugitzen diren haiek sekula espero ez luketen gisan, eta plazera sentitzen dutenean mugimendu aske horretan. Hori da niretzako ederrena, eta gainera, nabarmentzen dut gorputz bat haren askatasunean mugitzen ikusten dudanean.
Joseba Belaustegi: Lotsarekin batera galdu duguna da edozein planteamenduren aurrean sentitzen genuen beldurra. Ez dugu ezta pentsatzen, ariketa egiten hasten gara. Gustua hartu diogu esperimentatzeari.
Maider Oiartzabal: Talde honek maitemindua nauka horregatik. Edozer gauza esaten dudala egin egiten dute.
Urduri zaudete ekainaren 26ko emanaldiarengatik?
Joseba Belaustegi: 26an egongo gara urduri. Orain ilusioarekin gaude.
Zer nabarmenduko zenukete dantza laborategi honetatik?
Marta: Mugimendua, hain oinarrizkoa dela, konturatzen zara orain ikasi duzula. Gauza bitxia iruditzen zait. Joseba Belaustegi: Isilunean eta geldi egoteaz aipatu dudanaz gain, gauza gehiegi egitea gaizki egitea dela konturatu naiz, horrek itsusi egiten baitu.
Maider Oiartzabal: Nik beti proposatzen dudana da hemen eta orainean mugitzea, eta espektatibetatik urruntzea.