Usurbil F.T., larunbateko 50. urtemugako jaiegunaren atarian

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 26a

Betetako 50 urteen ospakizun egun nagusia biziko du Usurbil F.T.-k larunbat honetan, ekainaren 27an. Mende erdi honetako ibilbidean bidelagun izandakoak elkartu nahi dituen jaialdiak, otordu herrikoia izango du edota musikaz blaituko du herria.

 

2025-26 denboraldia ospakizun giro betean borobilduko du oraingoan Usurbil F.T.-k. Izan ere, egunero betetzen ez diren 50 urteei gorazarre egingo die, larunbat honetarako, ekainaren 27rako antolaturiko jaialdiaren bidez. Segidan duzue osatu duten egitaraua. Goizetik gauera, gaztetxoentzako jolasak, erakusketa, bazkari herrikoia eta musikaz blaituko duen arratsalde eta gau partea iragarri du futbol taldeen bilguneak.

"Larunbat honetan, gogora dezagun Usurbil Futbol taldea", egin dute gonbita antolatzaileek, sare sozialen bidez zabaldutako mezuaren bidez. Izan ere, "mende erdiz, milaka pertsonek gure koloreak jantzi eta defendatu dituzte, gure armarria harrotasunez babestu dute eta, era batera edo bestera, gaur egun Usurbil FT dena eraikitzen lagundu dute. Jokalariak, laguntzaileak, zuzendariak, familiak, lagunak eta zaleak izan dira bide horretan. Eskerrik asko ibilbide honetan parte hartu dezuten guztioi".

Ibilbide horren oroimen eguna izatea nahi dute, hilaren 27ko jaialdia. "Larunbat honetan, kluba sortu zutenak, zelai barruan urte luzez zein lehen urratsetan dena eman zutenak, taldeak gidatu eta hezi dituzten entrenatzaileak, alboan egon diren familiak, lagunak eta harmailak gogoratzeko eguna izango da, baita gure artean ez dauden ibilbide honetako kideak oroitzeko eguna ere izango da".

Atzera soilik ez, aurrera begira jarri nahi dute biharko hitzorduaren bidez. "Iraganari harrotasunez begiratzeko eguna izango da, baina etorkizunari ilusioz begiratzeko ere. Izan ere, urteurren hau ez da 50 urte betetzen dituen klub baten ospakizuna bakarrik; sentimendu beraren inguruan belaunaldiz eraikitako klub baten historia da. Haranen bizitako milaka oroitzapen dira, garaipen eta porrotak, besarkada, ospakizun, ahalegin eta emozio partekatuak. Eskerrik asko Usurbil FTko partaide izan zareten, zareten eta izango zareten guztioi".


Txupinazoa
Mende erdi honetan bidelagun izandakoak elkartu nahi ditu, ospakizun urte hau borobiltzeko biharko ospakizun egunak. Berez, bihar amaitzekoa zuten 50 urte horiei gorazarre egiteko ekimenen zikloa, baina dakizuenez, azken asteotan beste hitzordu bat gehitu zaie. Izan ere, datorren asteko Usurbilgo jaiei ekiteko ohorea izango dute udaletxeko balkoitik. Uztailaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan izango da. Haiekin izango dira, udal ordezkariak eta mende erdia betetako beste erakunde bat, kasu honetan, Zubieta Lanbide Eskolako kideak. Bi eragileok herriko jaiak abiaraztea erabaki du jai batzordeak, ekarpenak biltzeko herrian eginiko deialdi irekiaren ondotik.

Ospakizunotara saritua helduko da Usurbil F.T. Izan ere, Gipuzkoako Futbol Federazioak betetako mende erdiagatik herriko futbol taldeen bilgunea omendu du ostegun honetako, ekainaren 25eko batzarrean.


Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako ospakizun eguna
Ekainak 27, larunbata
10:00
2012-17 urte artekoentzako ginaka herritik. Hasiera, herriko frontoian.
11:00-13:00 Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako erakusketa zabalik Sutegin.
13:00/20:00 Txaranga herrian zehar.
14:30 Bazkaria Agerialdeko frontoian.
Ondoren, txarangaren jarraipena.
21:30 The Hastelen´s taldea Mikel Laboa plazan.
Ondoren, Dj-a.

Antolatzailea: Usurbil F.T.