Azkenaldian euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko egiten ari diren beste ekimen baten argazkia duzue albiste honi atxikitakoa, antolatzaileek helarazitakoa. Izan ere, asteazkenean, hilaren 24an, gai horri buruzko solasaldia antolatu zuen Aitzaga elkarteak Sutegiko auditorioan. Hitzorduak, gizonezkoen euskal selekzioko hautatzaile Jagoba Arrasate, mendi lasterketetako kirolari Oihana Azkorbebeitia edota Bultzada Txuriurdineko kide bat elkartu zituen, Amagoia Mujika Telleriak bideraturiko saioan.
Amaieran, ondoko talde argazkia atera zuten. Gogoan izan, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko irudi gehiago ere badirela egunotakoak. Aurreko larunbatean, Haranen ospaturiko Usurbil F.T.-ren 50. urtemugari lotutako ospakizunean. Futbolari beteranoen arteko neurketak antolatu ziren. Bi partidetan parte hartzaileek tartetxo bat hartu zuten aldarri horrekin bat egiteko, talde argazkiak aterata.
"A un toke" txapelketa
Euskal selekzioari lotutako beste hitzordu bat ere finkatua dago, kasu honetan, Usurbilgo jaien baitan. Herri honetan belaunaldi bat baino gehiagorengan erroturiko jolasa berreskuratuko dute lehiaketa moduan uztailaren 2an; “auntoke” izenez ezaguturikoari buruz ari gara. Txapelketa ezaguna prestatu dute txosnen ondoko biribilgunean, uztailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, LH 3-6 mailen artean ikasitakoentzat. Euskal selekzioaren aldeko ekimen gisa aurkeztu dute antolatzaileek.