Udan sartzearekin batera murgildu dira urteko oporraldi luzeenean haur eta gaztetxoak. Usurbilgo jaietan barneratuko dira hurrengo astean, uztailaren 1etik 5era. Festak amaitu eta biharamunean, haietako asko hasiko dira parte hartzen, beste urte batez, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas udaleku irekietan. Zehazkiago esanda, 3-12 urte arteko 224 haur eta gaztetxo izango dira aisialdi ekimen horretarako, aurtengoan, apirilaren 16tik 27ra izena eman zutenak. Iaz inskripzio kopuruak goia jo zuen; 230 izan ziren orduko hartan. Aurten, antolatzaileek asteartean Sutegin deitutako guraso bileran zehaztu zutenez, sei gutxiago izango dira, honenbestez.
Hiru txango
Uztailaren 6an ekingo diote aurtengo Udajolasi. Astelehenetik ostiralera eskainiko da, ohi den moduan, 9:30-13:30 artean. Hilabete horretan jaiegun bakarra egokituko zaie, azken ostiralekoa, hilaren 31koa. Horregatik, bezperan, hilaren 30ean, ostegunez amaituko dute aisialdi eskaintza hau. Era berean, horrek irteera bat gutxiago programatzea eragin dien antolatzaileei. Izan ere, ostegunetan txangoak antolatu ohi dituzte eta Udajolas 16:30ak arte luzatzen da. Hilaren 30a azken eguna izanik, egun horretan ez dute irteerarik egingo; bai, ordea gainerako ostegunetan, hau da, hilaren 9an, 16an eta 23an.
Asteartean, Sutegiko auditorioan eginiko bileran antolatzaileek zehaztu moduan, irrika eragin ohi duen Hernaniko irteera uztailaren 16rako dute programatua.
Saio osoan egotea
Aipatu moduan, Udajolasen hasiera eta amaiera ordua, urterokoa izango da. Covid19ak eragindako osasun krisialdi garaitik egiten ari diren moduan, ez dute biltzeko leku bat eta bera izango. Adin tartearen arabera, gune ezberdinetan bilduko dira goizero, nahiz gerora, elkarrekin hamaika dinamiketan parte hartu. Horretarako, puntualtasuna eskatu zuten eguneko ekintzak garaiz abiarazteko eta egun bakoitzaren amaieran, haurraren bila nor joango den adieraztea eta gai horretan aldaketarik balego, horren berri ematea.
Antolatzaileek ohartarazi zuten, garrantzitsua dela "haurrek saio osoan egotea", hasieratik amaierara. Eta egunen batean, ezin badu etorri aurrez jakinaraztea galdegin zuten. Jakinarazpenez ari garela, "norabide bakarrako whatsapp taldeak" osatuko dituztela iragarri zuten. Halere, antolatzaileekin hartuemanetan jartzeko urteroko komunikazio bideak zabalik izango dira. Udajolas amaitzean, urtero moduan, balorazio galdetegia helaraziko zaie parte hartzaileei. Hori osatzeak duen garrantzia ere azpimarratu zuten hilaren 23ko Sutegiko bileran.
Tituludunak eta herrikoak nagusi
Taldekatzeei dagokienean, jakinarazi zutenez, 6-8 bat haurrez osaturikoak izango dira LH ziklokoak, 10-11koak aldiz HH ziklokoak. Hamahiru eta hamaika talde osatu dituzte ziklo bakoitzean, hurrenez hurren. Taldeak orekatzeko aurtengoan, LH1ekoak HHkoekin multzokatu dituzte eta LH 5 eta 6 mailetakoak batu eta bi talde osatu dituzte. 27 hezitzaileko taldea osatu dute.
Horri ere azpimarra egin nahi izan zioten Sutegiko bileran. Izan ere, hezitzaile bat izan ezik denak herrikideak izango dira aurtengoan, eta bakar hori iaz Udajolasen aritutakoa da. Horri lotuta, hiru dira soilik dira titulu gabekoak baina hezkuntza munduan ikasten ari dira. Haiekin ariko dira Usurbilgo bederatzi gazte usurbildar, aisialdiko begirale izateko titulua eskuratzeko praktiketan ariko direnak. Datuokin, jada iraganeko arazoan bilakatu da, Sutegiko bilerako deitzaileek oroitarazi zutenez, legeak araututako tituludun kopurua izateko erronka betetzeko ezintasuna. Errealitate hori eraldatzen gakotzat jo zuten, antolatzaileek Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen baitako Zirimola Ikastolen Aisialdi Taldearen baitan kokatzen den Aisiola hezitzaile eskolarekin elkarlanean Usurbilen antolaturiko hezitzaile izateko ikastaroak.
Azken asteotan prestakuntza lan betean dira hezitzaile denak. Taldean bildu dira, elkar ezagutzeko formakuntza saioa egin dute, taldekatzeak nahiz ekintzen programazioa ere lantzen jardun dute. Horrez gain, udaleko parekidetasun sailarekin antolaturiko formazioa jaso dute.
Euskara, ardatz
Beste urte batez, Udajolasen funtzioa nabarmendu dute antolatzaileek. Udajolas udal zerbitzu publikoa da, NOAUA! K.E.-k lizitazio bidez eskuraturikoa. Ekimenak urtero agerian uzten du, aisialdiak haurren garapenean, sozializazioan edota bizi-kalitatean duen eragina, onura. Euskaratik eta euskaraz eskaintzen da. Egun, errealitate soziala zenbat aldatzen ari den ikusita, euskalduntzearen ikuspuntutik "integraziorako bide eta hizkuntza ohiturak sendotzeko" baliabidea ere bada, Udajolas antolatzaileen esanetan.