Nola eta non gordetzen dira hainbeste urtetako argazkiak?
Iñaki Agirresarobe: Argazkiak ez dira urtez urtekoak, saltoak daude hamarkada batzuetan. Lehenik eta behin, 1984tik 1997 ingurura negatiboetan gordeta nituen, eta horiek digitalizatzea erabaki nuen. Horretarako, digitalizatzeko makina bat eskuratu nuen, eta neuzkan negatibo guztiak digitalizatu nituen. Gero ordenagailura pasa nituen.
Nola hasi zinen jaietan argazkiak ateratzen?
Zaletasuna batxilergoan etorri zitzaidan. Argazkigintza ikastaroa genuen, eta mundua deskubritu nuen. Beti festak antolatzen ibili naiz jai batzordean. Garai hartan gutxi ginen argazkilaritzan zaletuak ginenak, eta tarteka, udaletxetik bildumak egiteko eskatzen zidaten, gehienbat, antolatzailea nintzelako.
Zure artxiboko argazki guztiak ikusiko dira ala aukeraketa bat?
Hiru ordulaurdenekoa egin dut, jendea ez dudalako nazkatu nahi. Nik nuen programarekin hirurehun eta piko argazki sartu zitezkeen, bakoitzari hamar segundo eskainiz, jendeak haien artean ere komentatu ditzan. Diaporama musikatua izango da, eta gehienbat aurpegiak ateratzen diren argazkiak izango dira. Ohituretan izan diren aldaketak ikusteko balioko duela uste dut.
Argazkiak azalduko dituzu?
Ez. Musikatua denez, hasieran sarrera txiki bat egingo dut jendea kokatzeko, eta amaieran galderarik baldin badute erantzungo ditut. Diaporaman zehar ez dut hitz egingo.
Iaz, Kalezarren egin zenuen argazki erakusketa bat, nola joan zen?
Uste baino jende gehiago etorri zen. Emanaldia atzeratu behar izan genuen jendea etorri eta etorri ari baitzen, eta aretoa goraino beteta egon zen. Sorpresa bat izan zen niretzat hainbeste jende ikustea. Batzuk hunkituta atera ziren, falta ziren senitartekoak ikusi baitzituzten.
Iazko esperientziak aurtengo Usurbilgo jaietakoa egitera animatu zaitu?
Bai. Esan zidaten orain dela hamar urte inguru, horrelako zerbait egin genuela artxiborako, eta ni ez nitzen gogoratzen. Eta nik ez nuela egingo esan nien, ez errepikatzeko. Hala eta guztiz ere, egiteko eskatu zidaten. Batzuk agian argazkiak ikusita dituzte, baina ez dator gaizki gogoratzea.
Egun batean bakarrik eskainiko duzu?
Bai. Izan ere, azken hiru-lau urteetan jaien aurretik ohitura bihurtu da Usurbilekin zerikusia duen zerbaiten erakusketa egitea girotzeko.