Udalbatzaren osoko bilkura

Arrobitxulo elkargunerako konpromiso kreditua onartu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

Konpromiso kreditu bat onartu zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran, "Arrobitxuloren obrari bide eman ahal izateko".

Iragan ekainaren 7an, 2. Kultur Azoka egin zuten plazan. Eguerdi hartan zehar, eraikitzen jarraitzen duten Arrobitxulo elkargunearen proiektuari lotutako hainbat ekimen izan ziren; tartean, egitasmoa zer den eta zertan den azaltzeko eta aurkezteko baliatu zuten hitzordu hura.

Udarregi ikastolaren eta Oiardo kiroldegi pareko zelaian kokatuko den elkarguneari lotutako albiste berririk izan da ordutik; ostegun honetako, ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran hartutako erabakia hain zuzen.

Izan ere, konpromiso kreditu bat onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz EHBilduren udal gobernu taldekoen babesarekin (EAJ eta PSE abstenitu ziren), "Arrobitxuloren obrari bide eman ahal izateko", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu zuenez. Legealdi honetako "proiektu izar eta estrategikotzat" jo zuen beste behin Arrobitxulo, "ikuspegi eta alderdi ugarietatik".

Mailegua ez handitzeko
Gogora ekarri zuenez, legealdi hasieratik Arrobitxulo sustatzen ari diren eragileekin batera parte hartze prozesu bat landu zuten "eduki sozialak zehazteko" eta gero, "horren araberako aurreproiektu bat landu genuen". Hori gauzatzeko "inbertsio potoloa" beharrezkoa izanda, ohiko aurrekontuetatik ezingo ziotela aurre egin adierazi zuen eta honenbestez, "mailegua eskatu beharra" ikusi zuten, "proiektu hori eskuartean izan genuenerako eta obrak lizitzatu ahal izateko udalak partida erabilgarria izateko". Horregatik, gogora ekarri zutenez, horretarako, "urtez urteko aurrekontuetan beti agertu izan zaigu, mailegu horren zati bat haur eskolara bideratzen dugu eta Arrobitxulorako".

Bitarte honetan, parte hartze prozesutik eratorritako ekarpenetan oinarrituriko aurreproiektua egin zen eta "hori exekuzio proiektu bihurtzeko lizitazio bat egin genuen. Horrek ekarri duena da, une honetan izatea Arrobitxuloren exekuzio proiektua eta guztira 3,2 milioi euroko aurrekontua eskuartean". Udalak aurreikusitako 2,5 miloi euroak baino gehiago dira. Horregatik, "kontuhartzailetzatik jaso genuen proposamena izan zen, mailegua handitu ordez, hurrengo urteetarako kreditu konpromisoa" onartzea. Milioi bat eurokoa izango da, hurrengo bi urteotan, 2027ko eta 2028ko aurrekontuetan txertatuko dutena; 500.000 euro 2027an eta beste 500.000 euro 2028an.

Dirulaguntzei adi
Arrobitxuloren inbertsio hori finantzatzeko "adi gaude Europako funtsetatik zer datorren proiektu hau aurkezteko", udal gobernu taldetik jakinarazi zutenez. Gaineratu zutenez, "laguntzeko aholkularitza kontratatu dugu", batetik, Arrobitxulo dirulaguntza lerrootako batean kokatzeko egon daitezkeen aukerak aztertu eta lerrootako batean kokatuta, kudeaketa lana egiteko. "Ikusten dugu kabida izango duela Arrobitxulok handik edo hemendik. Dirulaguntza lerro bat begiz jota dugu, horren zain gaude". Udazken hasierara arteko tartea dute proiektua deialdiotara aurkezteko. Horretan ahalegindu asmo dute. Dirulaguntza "etorriko balitz, kreditu konpromiso batek aukera ematen du kentzekoa, kanpo finantziazioa lortuz gero".