Haur eskolari lotutako zerbitzua, datorren 2026-27 ikasturtean Partzuergoaren baitan eskaintzeko urrats berria eman zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran. Izan ere, "Udarregi Ikastolarekin sinatutako 0-3 adin tarteko haur-eskola zerbitzuari dagokion kontratua aldez aurretik" eteteari bide eman zioten, zehazkiago esanda, datorren abuztuaren 30ean, udalbatzak aho batez onartu zuenez. Udal gobernu taldetik azaldu moduan, "kontratua adostasunez hausteko negoziazio prozesu bati ekiteko" onarpena ematea zuen xede proposamen horrek. Udal ordezkari guztien aho bateko onespena jaso zuen.
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak gogora ekarri moduan, "integrazio prozesu honek beste erabaki bat hartzera behartzen gaitu; udal haur eskolaren kudeaketarako ikastolarekin dugun kontratua etetera behartuak gaude".
Solaberrietak oroitarazi moduan, "2024-25 ikasturtetik eta hiru ikasturterako kontratua du indarrean udalak Udarregi ikastolarekin 0-3 adin tarteko Usurbilgo udal haur eskola kudeatzeko eta ondorioz, kontratu honen amaiera, berez, 2027ko abuztuaren 31ra artekoa da".
Kontratu etete hori adostasunez egingo dela nabarmendu zuen, "guztiok dakigulako kontratu hau amaitzeko arrazoia ez dela kontratistarekin arazo bat sortu delako edo kontratuaren exekuzioan gorabeherak izan direlako edo Udalaren jarduera oker batengatik. Guztiok dakigu kontratuaren hausturaren motibazioa".
Udal haur eskola zerbitzua Partzuergoan integratzea ahalbidetzeko da. "Ondorioz, sektore publikoko legeek ematen digute aukera gisa honetako kontratuak adostasunez eta bi aldeen arteko adostasunarekin hausteko, kasua den bezala. Kasu honetan, adostasunez egiten direnean, legeek ez dituzte zehazten indemnizazio automatiko edo tasaturik. Legeak esaten duena da bion artean ados jarri beharko genukeela kontratu horren hausturak ekar ditzakeen galerak zeintzuk eta zenbatekoak izango diren" zehazteko.
Kontratu horren ardura udalbatzarena da. Horregatik ekarri zuten iragan osteguneko saiora, "epe bat irekitzea ikastolarekin adostasun hori lantzeko eta negoziazio aldi bat irekitzea, kontratu honen hausturarako akordio bat lortzeko. Gaur onartzen duguna da prozesu horri hasiera ematea. Epealdi bat irekitzen dugu negoziaziorako eta ondoren, berriro ere gure asmoa da, hurrengo hilabeteko plenora ekartzea. Adostasun horren emaitza zein den, kalte-ordainak zenbatekoak eta zeintzuk izango diren onartzea udalbatzari dagokio".
Gogoan izan, erabakia dago irailetik aurrera, 0-2 tartearentzako zerbitzua Haurreskolak Partzuergoak eskaintzea eta 2-3 adin tartea Udarregi ikastolak kudeatzen segitzea.
Aldaketak, plantilla organikoan eta lanpostuen zerrendan
Haur eskola Partzuergoan integratzeak kontratu etete horrekin batera, aldaketa gehiago ere ekarriko ditu. Ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran argi geratu zen. "Ezohiko subrogazio prozesu" bat hasieraz onartu beharra izan zuen, haur eskolari lotutakoa hain zuzen.
Izan ere, alkateak gogora ekarri zuenez, "Eusko Jaurlartziak udal haur eskolak diruz ez laguntzen jarraitzeko hartutako erabakiaren ondotik eta herri honetan haur eskola zerbitzu bat izaten jarraitzeko helburuz eta gainera, zerbitzu horri atxikita egon diren langileen egoera babesteko asmoz, Usurbilgo Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak jarduketa protokoloa sinatu genuen 2026ko otsailean, 0-2 udal zerbitzua zena, Partzuergoaren egituran integratzeko prozesua bideratzeko".
Orain arte, adin tarte horretan aritu diren langileei Partzuergoan integratzeko aukera eskaintzen zaie, baina "hori zer baldintzetan egin Partzuergoak zehazten du, hala jasota dago jarduketa horretan". Horretarako, lehenik, Udalak subrogatu egin behar ditu langileak, "ondoren, udaletik Partzuergora integratu ahal izateko".
Udalak langileok subrogatu ahal izateko ezinbestekotzat jo zuen udalbatzak bozketa garaian aho batez onarturiko proposamena; alegia, udalaren plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea. "Langile horiek udalean egun batez egotea aurreikusten da".
Guztira, Partzuergoak Udalari adierazitakoaren arabera, zazpi izango dira Udalak subrogatuko dituen langileak, "zazpi lanpostu berri sortuz plantilla organikoan". Langileok Partzuergoak subrogatu ostean, berriz ere udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatu beharko dute, sortutako zazpi lanpostu horiek ezabatzeko.
Udalak subrogatuko dituen langileak "laboral izaerako langileak dira, laboral finko bezala kontratatuko lituzke Udalak". Hortik aurrera, "zer zazpi langile kontratatu, puntu honen dokumentazioan ikusi duzue zerrenda bat".
Udal gobernu taldetik osteguneko saioan iragarri zutenez, hurrengo osoko bilkuran, uztailekoan, "udalaren eta Partzuergoaren arteko integrazio hitzarmena" hartuko dute ahotan. "Horrek bi eranskin izango ditu; Udalak Partzuergoari egiten dion eraikinen lagapena, Partzuergoak zerbitzu hori gure herrian emateko eta beste eranskina da, langileei dagokiona; ze zazpi langile hartuko dituen Partzuergoak. Guretzat garrantzitsua zen, plantillaren aldaketa egitearekin batera, aurrez sinatua gera zedin ze zazpi langile izango diren eta nolabait udala eta Partzuergoaren arteko hitzarmen horren atal hori sinatua geratu dadin, Partzuergoaren konpromisoa langile horiek subrogatu ahal izateko".
Beste aldaketa bat txertatzeko ere baliatu zuten unea; "kale garbiketa eta mantenu ofizialaren lanpostuaren zerrendako betekizunen C gidabaimena c1/b* pasatzea". Hartara, "aldaketa horrekin lortuko genuke ordezkapenak azkarrago bideratzea".
Aipatu aldaketok aho batez onartu zituen udalbatzak hilaren 25eko osoko bilkuran, hasieraz eta aho batez. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hamabost egunez jendaurrean izango dute alegazioak aurkezteko. Halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko du Udalak.