Udalbatzaren osoko bilkura

Anbulatorioko pediatria zerbitzuaren egonkortasuna bermatzeko mozioa eta osoko zuzenketa

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

Ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran anbulatorioko pediatria zerbitzuak bizi duen egoera izan zuten mintzagai. Plaza horren egonkortasuna bermatzeko EAJk mozioa aurkeztu zuen eta EHBilduk horren aurreko osoko zuzenketa.

Iaztik bizirik eta konpontzeke segitzen du, Usurbilgo anbulatorioko pediatria zerbitzuan dagoen gabezia. Berriki, zerbitzu hori duintasunez bermatzeko borrokan ari den herritar taldeak elkarretaratzea egin zuen Donostia ospitalaren atarian, herritarren artean bildutako atxikimenduekin Arartekoari gutuna helaraztearekin batera.

Gai horri lotutako nobedaderik bada. Izan ere, EAJk mozioa aurkeztu zuen ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran eta EHBilduk horri erantzuteko osoko zuzenketa. Jeltzaleen mozioa ez zen onartu, EHBilduren ordezkariek aurka bozkatu zutelako, PSE abstenitu zen. Aldiz, EHBilduk mozio horri aurkezturiko osoko zuzenketa gehiengo osoz onartu zuten, EHBilduren babesarekin. EAJ aurka agertu zen eta PSE abstenitu zen.


Bost puntuko mozioan EAJk kezka agertu zuen profesional faltarekiko, zerbitzu horren egonkortasunaren alde lanean jarraitzera deitu zuen Osakidetza. Izan ere, testuak berak gogorarazi moduan, "Usurbilgo haurrek eta haien familiek kalitatezko osasun-arreta jasotzeko eskubidea dute, eta horren barruan berebiziko garrantzia du pediatria-zerbitzu egonkor, hurbil eta jarraitua izateak".

Horrekin batera, pediatria plaza errazago estaltzeko profesional horri udal-jabetzako etxebizitza jartzea aztertzea proposatu zion udal gobernu taldeari, plaza hori erakargarriago egiteko aukera gehiago aztertzeko Osakidetzarekin elkarlanean jardutea galdegitearekin batera.

Osoko zuzenketa
EHBilduren bost puntuko osoko zuzenketan Udalak konpromisoa hartu du, "Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzari beste bilera bat eskatzeko" eta bertan beharrezkotzat jotzen du herriko guraso taldeak parte hartzea. Idatzi bat helarazi asmo diote Eusko Legebiltzarreko talde politikoei Osasun Batzordean azalpenak ematea eskatu edota Osasun Sailari zein Osakidetzari egoera konpontzeko "beharrezko ekimenak susta ditzaten" eskatzeko. Osakidetzari galdegiten dio anbulatorioko pediatria zerbitzua erakargarriagoa izateko "beharrezko neurriak har ditzala, bereziki kontratazio-eredua eta lan-baldintzak hobetzeko bidean, eta plantillen errealitate soziala eta feminizazio-maila kontuan izan ditzala".

Bestalde, Udalak konpromisoa hartzen du "osasun komunitarioaren ikuspegia" sendotze bidean eta bere eskumenen baitan, "osasunaren sustapena eta prebentzioa indartzeko programak garatzen jarraitzeko, lehen arretako profesionalekin, herriko eragileekin eta komunitatearekin elkarlanean". Azkenik, "beti ere Osakidetzak hala eskatuko balio", aztertzeko asmoa agertzen du EHBilduren osoko zuzenketak "beti ere bere eskumenen baitan eta diskriminazio egoerak saihestuz, herriarentzat estrategikoak diren lanpostuetara profesionalak erakartzea eta atxikitzea erraz dezaketen neurriak martxan jartzeko aukera".

"Udalari eskatzen diogu bere zatia egin dezala"
Bi testuon aurrean, PSEk abstenitzea erabaki zuen. EAJren mozioari dagokionean, dagoen arazoarekin bat egin arren, planteaturiko konponbideren batekiko zalantza agertu zuen Petri Romerok. EHBilduren osoko zuzenketari dagokionean, baloratzeko modukoa iruditu zitzaion erakundeen arteko kolaborazioaren alde eginiko apustua, baina "egoeraren planteamendua" ez zuela ulertzen adierazi zuen.

EAJk argi utzi nahi izan zuen "Usurbilgo familien kezka erabat zilegia dela" eta gai honekin dagoen arazoak "familien bizitzan eragina duela ere ukaezina da", zioen bozeramaile Xabier Otxoak. Beste kontu bat da bere esanetan, "demagogia egitea. Gaur egun pediatria arreta bermatua dago batzuetan Usurbilen eta beste batzuetan Lasarte-Oriako osasun zentroan. Osakidetzak uneoro bermatzen du pediatria zerbitzua".

Halere, "Usurbilen pediatria zerbitzua ematea ehuneko ehunean, modu egonkorrean eta jarraituan, hori da gure nahia, familiena eta Osakidetzarena". Horregatik EHBilduri aurpegiratu zionez, "mozioan murrizketaz hitz egitea, gezurra izateaz gain, arduragabekeria galanta iruditzen zaigu. Murrizketa balitz, zerbitzua desagertuko zen edo Usurbilgo haurrei arreta ukatuko litzaieke, eta hori ez da inondik inora gertatzen, ondo dakizuen bezala. Gertatzen dena da, plaza hori egonkortasunez betetzeko zailtasun handiak daude eta hori ez da Usurbilgo arazo isolatua, pediatra falta arazo orokorra da, osasun sistema osoan gertatzen dena. Horregatik errealistak izan behar gara eta ez demagogoak. Pediatra bat Usurbilera etortzeak ez du udalak erabakitzen ezta Osakidetzak ere, profesionalak berak erabakitzen du non lan egin nahi duen".

Testuinguru horretan Otxoak zioenez, Osakidetzaren aldetik argi dago zer egin dezakeen Usurbilgo pediatraren plaza erakargarriagoa izateko. Aldiz, "pediatria eskumena ez izateak ez du esan nahi Udalak ezer egin ezin duenik edo borondatea duenik. Udalak borondatea badu, gauza asko egin ditzake plaza hori erakargarriagoa izateko. Horretarako borondatea eta nahia egon behar da eta hori ez dugu ikusten. Erraztasunak eman daitezke eta hori da guk proposatzen duguna; Udala Osakidetzarekin elkarlanean mantentzea. Udalari eskatzen diogu bere zatia egin dezala".

Udal gobernu taldeari galdetu zion, "ahal duzuen guztia egingo duzuen arazoari konponbide bat emateko".  EHBilduren osoko zuzenketan aipaturiko Donostialdeko ESIaren bilera eskaeraren harira Udalak zerbitzu horretara bidalitako gutuna ez dutela jaso ziurtatu zuen Otxoak. "Bilera hori eskatu bada non dago eskaera ofiziala?", galdetu zuen Otxoak, "EAJren udal taldearen mozio bat behar izatea zuzendaritzarekin bilera bat eskatzeko" gobernu taldearen "kudeaketa modu baldarra" agerian uzten zuela baieztatzearekin batera. "Gauza bat da familiak entzun eta defendatzea eta bestea, familiak erabiltzea interes politikorako. Familiei egia esan behar zaie, segurtasuna eman, irtenbideak eskaini. Hemen ez dugu inor lasaitzen zuen mezuekin, hori ez da ardura politikoa, hori demagogia eta alarma soziala elikatzea da".

"Burutazio handiagorik"
Adierazpenon aurrean, lehenbizi bilera eskaerari dagokionean alkateak argitu nahi izan zuenez, "telefono dei bat izan genuen. Esan genion lehen arretako arduradunari ostegun honetan mozio bat onartuko zela eta espresuki modu ofizialean eskatuko zitzaiola bilera hau eta beraz, mozio hau onartu eta gero egingo genuela bilera eskaera. Beraz, bilera hau eskatuko genuela aldez aurretik telefonoz hitz eginda dago". Bilera eskaera bera, gutun ofizial bidez igorri dela udal erregistroan egiaztatu dezakeela adierazi zion EAJ-ren bozeramaileari.

Gainerakoan, onartezintzat jo zuen Agurtzane Solaberrieta Mesak EAJ-k esandakoak. "Udal gobernu honek familiak interes politikorako ez ditu erabiltzen eta halako akusaziorik ez dugu onartuko EHBilduren izenean. Demagogoa iruditzen zaigu, plaza bat erakargarria egiteko pertsona bati etxebizitza bat eskaini behar zaiola esatea. Mozio horren aurka egoteko arrazoietako bat hori da, ulertzen dugulako Usurbilgo Udalak eta beste udalek ez dugula erantzukizunik eta ez ditugula etxebizitzak nahi adina funtzionario publikoei emateko. Burutazio handiagorik".

EHBilduk aurkezturiko osoko zuzenketa ahotan hartuta zioenez, "gure mozioan prest gaude, beti egon garen bezala, neurriak aztertzeko eta benetan lanpostu hori erakargarri egiteko. Udal honek zerbait egin badezake etxebizitza eskaintzea ez dena eta gure eskuetan egon daitekeena, bestelako neurriak hartzeko eskatzen bazaigu Osakidetzatik, dudarik ez izan neurri horiek aztertzeko prest gaudela, hori izan delako hasieratik gure nahia eta bokazioa".

Alkateak adierazi zuenez, "Osakidetzak egiturazko arazoak ditu eta horren ondorioak Usurbilgo pediatrian ere ari dira jasaten". Horregatik, onartezintzat jo zuen erakunde arteko lankidetzarako Udalaren prestasuna zalantzan jartzea, "demagogia egiten ari garela esatea".


EAJren mozioa: Usurbilgo pediatria-plazaren egonkortasuna sustatzeko eta haren estaldura errazteko neurriei buruzko mozioa

Zioen azalpena
Usurbilgo haurrek eta haien familiek kalitatezko osasun-arreta jasotzeko eskubidea dute, eta horren barruan berebiziko garrantzia du pediatria-zerbitzu egonkor, hurbil eta jarraitua izateak.

Azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta oro har osasun-sistema publikoan gero eta nabarmenagoa da mediku espezialista batzuen falta, bereziki Lehen Mailako Arretan eta pediatrian. Profesional horien eskasiak zailtasunak sortzen ditu zenbait plaza betetzeko eta egonkortasunez mantentzeko, batez ere estaldura zaileko plazen kasuan.

Testuinguru horren barruan kokatzen da Usurbilgo Osasun Zentroko pediatria-plazaren egoera. Azken hilabeteetan plaza horrek estaldura-zailtasun nabarmenak izan ditu. Plaza estaltzea lortu den arren, profesionalen joan-etorriak maiz gertatu dira, eta hainbat unetan beste zentro batzuetako baliabideekin osatu behar izan da zerbitzua. Hala ere, azpimarratu beharra dago Osakidetzak une oro bermatu duela pediatria-arreta, bereziki Lasarte-Oriako osasun-zentroko profesionalen laguntzarekin.

Egoera honek agerian uzten du, ordea, zailtasunak daudela plaza horri behar duen egonkortasuna emateko. Horregatik, beharrezkoa da erakunde guztien arteko lankidetza sustatzea, profesionalak erakartzeko eta herrian epe luzera finkatzeko neurri osagarriak aztertuz.

Bestalde, etxebizitzaren inguruko gaur egungo egoerak, alokairu-eskaintza mugatuak et prezioen garestitzeak zailtasun gehigarriak sortzen ditu hainbat profesional erakartzeko eta herrian finkatzeko. Horregatik, administrazio publiko guztiek, bakoitzak bere eskumenen esparrutik, konponbideak bilatzeko eta erakundeen arteko lankidetza sustatzeko ardura dute.

Ildo horretan, Usurbilgo Udalak, bere baliabideak eta aukerak kontuan hartuta, pediatria- plaza hori erakargarriago bihurtzen lagun dezaketen neurriak azter ditzake, betiere Osakidetzarekin lankidetzan eta indarrean dagoen araudia errespetatuz.

Horrenbestez, Usurbilgo Udalbatzak honako erabakiak hartzea proposatzen da:

Erabakiak
Lehenengoa. Usurbilgo Udalak bere kezka adierazten du mediku eta pediatra espezialisten gabeziak sortzen dituen zailtasunen aurrean, eta bereziki Usurbilgo pediatria-plazaren egonkortasuna bermatzeko beharraren aurrean. Era berean, Osakidetzari eskatzen dio lanean jarrai dezala plaza horren estaldura egonkorra lortzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.
Bigarrena. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du udal-jabetzako etxebizitza baten erabilera pediatria-plazaren estaldura errazteko baliabide gisa aztertzeko, alokairu sinbolikoaren edo antzeko formula baten bidez, betiere bideragarritasun juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa bermatzen bada.
Hirugarrena. Usurbilgo Udalak Osakidetzarekin elkarlanean jardungo du neurri hori eta plaza erakargarriago egiteko lagungarri izan daitezkeen beste aukera batzuk aztertzeko.
Laugarrena. Horretarako beharrezkoak diren txosten eta azterketak egin ondoren, eta emaitzak aldekoak badira, Udalak dagokion lankidetza-hitzarmena edo tresna juridikoa sustatuko du Osakidetzarekin.
Bosgarrena. Mozio honen edukia Osakidetzari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helaraztea.


EAJren mozioari erantzuteko EHBilduren osoko zuzenketa
Mozioaren aurreko azalpena
Hasteko, eskertu nahi dugu Usurbilgo pediatriako lanpostua estaltzeko dugun arazoa udal bilkurara ekarri izana. Ez da lehen aldia gai hau lantzen duguna, eta berriro ere ekarri bada, arazoa konpondu ez denaren seinale. Hala ere, aurkeztu den mozioa ezin dugu bere horretan babestu; izan ere, onartuko bagenu, herrian pediatria zerbitzuarekin dugun arazoaren muina desbideratzeko arriskua legoke. Horregatik egokiago deritzogun mozio alternatiboa aurkeztu dugu.

Zalantzarik gabe, Usurbilgo pediatria zerbitzuan gertatzen ari dena herri gisa dugun gabezia da, eta heldu beharreko erronka. Erronka horrek guztion elkarlana eta inplikazioa eskatzen ditu, nahiz eta gaiaren ardura eta eskumen nagusiak Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren esku egon. Usurbilgo Udalak eta alkate honek hainbat ahalegin egin dituzte azken hilabeteotan herriko osasun-zentroan pediatria zerbitzuaren egoera bideratzeko, izan ere, oraindik arazori ez zaio konponbide egonkorrik eman, eta, okerrena dena, kronifikatzen ari da. Izan ere, berriro ere hutsik dago plaza eta Lasarte-Oriako anbulategira bideratzen ari dira Usurbilgo haurrak, horrek suposatzen duen guztiarekin. Herriko gurasoekin harreman zuzenean gaude, eta esaten digutenez, pediatra falta hau kalte larriak eragiten ari da: diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio kontroletan murrizketa, gertutasun ezagatik familien lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak eta abar... Egoera hau berriro ere zenbat luzatuko den ez dakigu.

Usurbilgo udala Donostialdeko OSIko lehen arretako arduradunarekin harreman etengabean dago, eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiari ere igorri zaio gutuna Usurbilen pediatria zerbitzuarekin dauden gora-beheren berri emanez eta bilera bat eskatuz. Haatik, ez dugu, artean, inolako erantzunik jaso. Edonola ere, orain arte bezala, hemendik aurrera ere Usurbilgo Udala lanean jarraituko du, erakunde eta eragile guztien lankidetza bilatuz. Dena den, ezin dugu arazo hau lanpostu jakin baten estaldura huts gisa ulertu. Azken urteetan ez da behar bezalako apusturik egin lehen mailako pediatria indartzeko. Ikusi dugu nola pediatria espezialisten falta estaltzeko familia-medikuen kontratazioa lehenetsi den kasu askotan, eta horrek pediatria espezialitatearen aitortzan eta garapenean eragina izan duela.

Era berean, lehen arretak urte luzez pairatu ditu behin-behinekotasuna, lan-baldintza eskasagoak eta egonkortasun falta. Horrek zaildu egin du profesionalak erakartzea eta fidelizatzea. Gaur egun, lehen arretako pediatriaren erakargarritasuna handitzeko neurri egiturazkoak behar dira: lan-baldintzak hobetzea, kontratazio eredua berrikustea, ikerketa eta prestakuntza aukerak sustatzea eta lehen arretaren prestigioa berreskuratzea.

Usurbilgo Udalaren ikuspegitik, lehen arreta sendoa izatea ezinbestekoa da. Tokiko erakundeei eta osasun publikoari buruzko araudiek udalerriari osasunaren sustapenean, prebentzioan eta komunitatearen zaintzan zeregin garrantzitsua aitortzen diote. Horregatik, herrian lehen arreta indartsua izatea, pediatria barne, funtsezkoa da.

Hala ere, pediatria lanpostuaren egonkortasuna eta profesionalen atxikipena ez dira udalaren eskumeneko gaiak. Udalak lagundu dezake eta erraztasunak eman ditzake, baina arazoaren konponbidea ezin da udalaren gain utzi. Horregatik, beharrezkoa da Osakidetzak eta Osasun Sailak euren eskumenetatik neurriak hartzea.

Horrenbestez, honako mozio alternatiboa proposatzen dugu.

Mozio proposamena
1. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzari beste bilera bat eskatzeko, herrian pediatria zerbitzuarekin dagoen egoera aztertu, ematen ari diren urratsen berri jaso eta konponbideak lantzeko. Beharrezko ikusten dugu udal ordezkaritza zabalarekin batera, bilera horretan herriko guraso taldeak ere parte hartzea.
2. Usurbilgo Udalak eskatzen dio Osakidetzari lehen arretako pediatria erakargarriago egiteko beharrezko neurriak har ditzala, bereziki kontratazio-eredua eta lan-baldintzak hobetzeko bidean, eta plantillen errealitate soziala eta feminizazio-maila kontuan izan ditzala.
3. Usurbilgo Udalak idatzi bat helaraziko die Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, herriko pediatria zerbitzuaren egoera azalduz, eta Osasun Sailari eta Osakidetzari konponbideak eskatzeko beharrezko ekimenak susta ditzaten eskatuz. Halaber, talde politikoei eskatuko diegu Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Usurbilgo egoeraren gaineko azalpenak emateko aukerari bide emateko.
4. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenen baitan osasunaren sustapena eta prebentzioa indartzeko programak garatzen jarraitzeko, lehen arretako profesionalekin, herriko eragileekin eta komunitatearekin elkarlanean, osasun komunitarioaren ikuspegia sendotuz.
5. Halaber, Udalak aztertuko du, beti ere bere eskumenen baitan eta diskriminazio egoerak saihestuz, herriarentzat estrategikoak diren lanpostuetara profesionalak erakartzea eta atxikitzea erraz dezaketen neurriak martxan jartzeko aukera, beti ere Osakidetzak hala eskatuko balio.