Sare

"Hamarkadetan zehar iraunkorki antolatu ditugun azkenak izatea nahi genuke"

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 26a

Ekaineko azken ostiralari dagokion elkarretaratzea, uda aurreko azken mobilizazioa egin du Sarek gaur 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Datozen hilabeteoi begira jarri dira. "Udako agenda ondo betea dator eta, datozen egunetan iragarriko ditugun mobilizazioak, hamarkadetan zehar iraunkorki antolatu ditugun azkenak izatea nahi genuke", adierazi dute frontoi atzeko mobilizazio amaieran, Usurbilgo Sareko ordezkariek.

Izan ere, gogoan izan, ekainaren 6an Arrasaten eginiko agerraldi jendetsuaren bidez, urteotako mobilizazio iraunkorrei amaiera emateko asmoa agertu zuen Sarek. "700 pertsonatik gora elkartu ginen agerraldi jendetsuan orain hamabi urte hartutako konpromezu eta helburuetan berretsi ginen: biktima guztien errespetuan eta aitortzan oinarrituko den eta euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herrian".

Helburu hori betetzeko bidean, "aurrerapauso handiak ikusi ditugula aitortu genuen eta datozen hilabeteetan, espetxe politika arruntera bidean, aurrerapauso handiak espero eta fase historiko bati amaiera emateko moduan egon gaitezkeela aipatu genuen, dagoeneko gehiegi luzatu den auziari konponbidea eman beharrean alegia".

"Denak etxean egongo diren eguna"
Testuinguru horretan, datorren 2027ko urtarrilaren 9an Bilbon deitutako manifestazio nazionala azkena izateko nahia agertu zuten. Gaurko elkarretaratzean gogorarazi duten moduan, "justuki horrek erakutsiko lukeelako sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea".

Konponbide horren helmuga zein den argi dutela jakinarazi du Sarek; "denak etxean egongo diren eguna. Bitartean, agertoki horren eraikuntzan aurkituko gaituzte lanean".

Hiriburuetan eta hondartzetan
Uda honi dagokionean, Euskal Herriko hiriburuetan iragarri dituzte mobilizazioak, baita hondartzetan ere. Hiriburuetako erronda Iruñean hasiko dute uztailaren 3an 20:00etan, Gaztelu plazatik eta bertako jaien baitan, hilaren 8an Etxera Eguna iragarri dute. "Azken asteetan adierazi dugun moduan, udako azken mobilizazio eta dinamikak izatea" nahi dute.

Usurbili dagokionean, gaurkoa izan da aipatu moduan, uda aurreko azken elkarretaratzea. Hurrengoa, iraileko azken ostiralerako iragarri dute.