Dantza garaikideko taldekoek haien lanketa aurkeztu dute estreinakoz

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 26a

Usurbilgo Dantza Lab taldekoek urteotan eginiko lanketaren erakustaldi ederra eskaini dute jendaurrean ostiral honetan, Sutegi atarian.

"Bizitza elkarrekin dantzatzen dugun koreografia". Hala zioen, emanaldiaren amaieran jendaurrean erakutsi duten pankartak. Dantza garaikideko taldeak ikasturte hau borobildu, urtean zehar Oiardo kiroldegian egiten dutena ezagutarazi eta taldera kide berriak erakartzeko erakustaldia egin du ostiral arratsalde honetan, ekainaren 26an, Sutegi kultur-etxearen atarian.

Taldeko bost kide plazaratu dira eta bestelako emanaldi baten lekuko bilakarazi dituzte hitzordura joandakoak. Mugimendu askea, dantza modu eta estilo librea, norberarena zein taldekoa, mugimendu suabeagoak, sinkronizatuagoak, biziago eta askeagoak tartekatu dituzte. Margotu egin nahi izan dute haien erakustaldia eta margoen artean nahastu. Izan ere, herri nabarmen sortzailea izanik, "Zumeta artista handian inspiratu" dira gaurko saioa plazaratzeko.

Zazpi urteko ibilbidea jorratua du taldeak eta herriaren aurrean haien burua aurkeztu nahi zuten, "jendeak ulertzeko zertan ari garen eta zer den", asteotan hedabide honi adierazi diotenez. Oiardo kiroldegiko saioetan egindako hainbat dinamiken erakustaldia egin nahi zuten. Sutegiko erakustaldia emanaldi borobilean bilakatu dute.