Usurbil F.T.-k 50 urte

“50 urteko historiari, ahaleginei, konpromisoari eta adiskidetasunari” gorazarre Usurbil F.T.-ren mende erdiko jaialdian

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

50 urte bete ditu Usurbil F.T.-k eta larunbat honetan, ekainaren 27an ospatu dute musikaz eta jan-edanaz giroturiko jaialdian. Eskertza eta omenaldi ospakizun handian bilakatu dute egun berezi hau.

 


Betetako 50 urteak merezi bezala ospatzeko ekimen zikloa abian izan du urte hasieratik Usurbil F.T.-k. Besteak beste, ping pong, futbolin eta mus txapelketak, beteranoen arteko neurketak, mende erdiko ibilbide oparoa irudikaturiko Sutegiko erakusketa antolatu dute hilabete hauetan guztietan zehar.

Zikloa ospakizun egunarekin borobildu nahi izan du herriko futbolarien komunitateak larunbat honetan, ekainaren 27an. Goizetik, gaztetxoenentzako ginkana erraldoia antolatu dute, Gauerdi txarangakoekin kalejira eguerdi eta arratsalde partean, gauean The Hastelen´s taldekoen emanaldia eta dj saioa.

Hitzordu guztion zubi-lana egin duena 50. urtemugako Agerialdeko frontoian eginiko bazkaria izan da. Hitzorduak futbol taldeen bilguneak bost hamarkada hauetan izandako bidelagunak elkartu ditu, baita eskertu eta omendu ere. Lehendakari guztiek txapel eder askoa jaso dute.

"Eskerrik asko guztioi!"
Egungo Usurbil F.T.-ren lehendakari Ainhoa Azkuek otorduaren hasieran adierazi zuenez, "gaur, egun berezi bat ospatzen dugu; 50 urteko historia, ahaleginak, konpromisoa eta adiskidetasuna". Horren harira eskertza adierazi nahi izan zieten "klub honen sorrera ahalbidetu zutenei, gure sortzaileei, urte hauetan zehar kluba zuzendu duten presidente guztiei eta jakina, nola ez, entrenatzaileei, jokalariei, laguntzaileei eta bere dedikazio, lan eta ilusioarekin, gaur 50. urtemuga ospatzen lagundu duten pertsona guztiei. Haietako bakoitza gabe, ibilbide hau ez zen posible izango".

Azkuek taldearen izenean nabarmendu nahi izan zuen, "klub honek beti defendatu duen nortasun ikurra, ate irekien gure filosofia. Horri esker, futbolera jokatzera etorritakoek, hemen aurkitu dute aukera bat horretarako, edozein zela ere maila eta zirkunstantziak. Inklusio eta laguntasun izpiritu hori da gure harrotasun handietako bat".

Horrez gain, "oroitzapen oso berezia izan nahi dugu, gure artean ez daudenentzat. Gaur gurekin hemen ez egon arren, gure historiaren parte izaten segitzen dute. Haien ahalegin, baloreek eta legatuak bizirik dirau gure memorian eta klub honek irudikatzen duen guztian".

Horregatik guztiagatik topa egiteko deia egin zuen Azkuek. "Topa egin dezagun haien alde, proiektu hau partekatzen dugunon alde eta historia hau idazten jarraituko duen belaunaldien alde. Zorionak 50. urteurrenagatik eta eskerrik asko guztioi!".