Ikusmina sortu ohi duen urteroko ohitura berritu dute astelehen goiz honetan, ekainaren 29an. Herriko festak, orain bai, ate joka ditugun adibide agerikoena eta ederra plazaratu dute; zeresana eman, jendea liluratu eta egunotako jaiok zainduko dizkiguna.
Hegan heldu zaigu aurtengoa, hegalak zabalik dituela iritsi zaigu... Martin arrantzalea! Martin arrantzalea dugu aurtengo Usurbilgo festetako maskota. Tamaina handian ikusgai duzue jada frontoian zintzilik. Izan ere, izatez nabarmen txikiagoa da. "Hegazti koloretsua da. Burua, bizkarra eta buztana urdinak ditu, eta luma batzuek dizdira metalikoa dute. Azpialdea berriz laranja bizia da. Buruan eta eztarrian kolore zuriko lerro batzuk ere baditu. Buru handia du eta mokoa ere oso luzea da, buztana aldiz oso motza. Hankak ere oso motzak dira, kolore gorri bizikoak. 15-19 zentimetroko luzera duen hegazti txikia da eta hego-zabalera 25 zentimetrotakoa da. 34-46 gramo artean pisatzen ditu".
Ur masa dagoen inguruetan ikus daiteke. "Arrain txikiak jaten ditu, hortik bere izena". Arrantzan oso aktiboa da. Frontoian zintzilikaturikoak ere arrain bat arrantzatua du, baina ez hori bakarrik. Aurtengo maskotak bi elementu ditu; bat, frontoian bertan esekitako Martin arrantzalea bera eta bestea, Potxoenea atarian kokaturiko kabia eta arrautzak. Kabiari eusten, esku handi bat.
Artelan zoragarri horren sortzailea, beste behin, sormen iturri agortezineko Jokin Eizagirre herrikidea izan da. Artelanarekin batera plazaratu da gaurkoan. Semearekin batera eta Martxelo Garraioak-en laguntzaz aritu dira muntaketa lanetan; euritan aurtengoan.
Esanahi askokoa
Begi-bistan dugunetik haratago, keinu, esanahi eta sinbolismoz beterikoa da aurtengo maskota, egileak berak aditzera eman digunez. Maskotak bi kokagune ditu aurtengoan ere; Martin arrantzalea bera zintzilik dago frontoian eta bere kabia Potxoenea atarian. Kabiari eusten, aipatu moduan, esku bat dago. Gizakiaren eta naturaren arteko hartuemana, garairik onenean ez den hartuemana, elkar zaintza hori aldarrikatu nahi izan du Eizagirrek artelan honekin.
Kultura bat baino gehiagotan, oparotasun, zorte ona, sormena, lasaitasuna, autokontzientzia ere irudikatzen omen ditu animalia horrek.
Esanahi gehiago ere baditu, ordea, aldarria eta gorazarrea ere uztartzen ditu aurtengo maskotak. Erreparatu izenari, bi hitz hauei: Martin eta arrantzalea. Ez zaizkio oharkabean pasa sortzaileari. Izan ere, batetik, ingurumenaren zaintzarekin batera, tokiko merkataritzaren zaintzari ere keinua egin nahi izan dio Eizagirrek aurtengo jaietako maskotaren bidez. Bi arrandegi ditugu herrian, biak ala biak jubilazioagatik ixtear.
Martin du izena, bestalde, aurtengo festen zaindariak. Martin, Usurbilek 1983-87 urte artean izandako alkateetako baten izena da era berean. Duela urtebete, 2025eko ekaina hasieran zendu zen Martin Larrañaga. Bera ere omentzeko baliatu nahi izan du Eizagirrek aurtengorako ondu duen sormen lana.
Adi
Aste osoan izango duzue begi-bistan. Igandea heldutakoan, ohitura denez, egunean zehar Dema plazara jaitsiko dute, uztailaren 5eko gaueko 23:00etako azken trakarekin batera, betiko sutan birrintzeko. Ordura arte, adi egon Martin arrantzaleari!