Usurbilgo jaiak

Merezitako gorazarrea jaien hasieran, Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k betetako mende erdiari

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 29a

Usurbilgo jai batzordeak erabaki du nortzuk emango diete hasiera aurtengo herriko festei. Iaz bezala, bi eragile izango dira aurtengoan; 50 urte betetako Zubieta Lanbide Eskola eta Usurbil F.T. Iazko omenduen antzera, aurtengoek ere badute lotunerik urtemugaz haratago.

 

Gogoan izango duzuenez, iaz 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak izan zuten Usurbilgo jaiei ofizialki ekiteko ohorea. Aurten, hamar urte gehiago, mende erdira heldutako Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k piztuko dute udalerri hau bost eguneko ospakizunen zurrunbiloan murgilaraziko duen lehen suziria. Uztailaren 1ean izango da, arratsaldeko 19:00etan udaletxeko balkoitik. Herritarrei hautagaiak udal instalakuntza hainbatetako kutxetan idatziz nahiz telematikoki emailez proposatzeko eginiko deialdi irekitik hautatu ditu jai batzordeak bi eragileok izatea aurtengo festak abiaraziko dituztenak.

Abiapuntu partekatua
Bistan denez, bi alor ezberdinetan eta kokagune banatan dihardute omenduak izango diren bi eragileak; Zubietan bata, Kalezarko Haranen bestea. Lanbide Eskola bat eta futbol kluba bestea. 

Iaz, Zumarterekin eta Ziortzarekin gertatu moduan, aurtengo omenduen arteko lotune agerikoena, biek ala biek betetako 50 urteak dira, baina ez bakarra, badira gehiago ere. Izan ere, bi eragileok martxan jartzen aritutakoen artean badaude zenbait izen, bien sorreran auzolanean jardundakoak.

Izan ere, egitasmo, proiektu berri askoren eraikitze eta jaiotze urtea izan zen 1976a. Garaiko testuinguru haren ispilu dira Usurbil F.T. eta Zubieta Lanbide Eskola. Hutsetik hasitakoak biak; Lanbide Eskolakoak Udalak eragile gehiagoren laguntzaz parrokiak Aginagan utzitako lokaletan hasi zuten haien jarduna. Usurbil F.T.-k, egungo Harane futbol zelaia gerora eraiki zenez, sortu berritan Orion entrenatzen zuen osaturiko talde bakarrak. 

Hazten
Mende erdian garapen itzela izan dute biek. Horren erakusle argia da, ekainaren 27ra arte Sutegin (ostegunetik larunbatera, 18:00-20:00 artean) ikusgai izango duzuen hilaren 12an irekitako Usurbil F.T.-ren mende erdiko ibilbidea irudikaturiko erakusketa. “Oso polita da eta oso argi irudikatzen du kluba nola joan den hazten, nola hasi ziren talde bakarrarekin eta nola gauden gaur egun. Datorren urtean, gainera, gehiago izan gaitezke”, aurreratu digute Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldetik.

Usurbilgo Lanbide Eskolak Aginagatik Zubietara lekuz aldatu eta hazten jarraitu du baita gaur arte. Herri horren izena hartu du 50. urtemuga honetan. Usurbil F.T.-ren antzera, ospakizun ikasturtea izan dute honako hau. Duela urtebete hasi zuten zikloa hain zuzen, txupinazoa jaurtiko duten eremu berean, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan amaituko dute. Iazko ekainean, 50 urteon harira erakunde adierazpena onartu zuen udalbatzak. Urtebete geroago urtemuga zikloaren nahiz Lanbide Eskolaren beraren sorreraren abiapuntura itzuliko dira. Orain arte jorraturiko ibilbidea omentzeko modua izango da. "50 urte horietan jende asko pasatu da ikastetxetik. 50 urteotan saiatu gara eskualdean, Usurbili ikaskuntza zerbitzuak ematen, gizartea etorkizunerako prestatzen. Orain, guztia hasitako lekuan, 50 urte ondoren, leku berean txupinazoa botatzen" ikusiko dute haien burua. Mende erdia borobiltzeko ezin aproposagotzat jo dute hitzordua. Pozarren jaso zuten berriki, udaletik herriko jaiei ekiteko gonbita. “Azkenean, ikastetxea Zubietan egon arren, usurbildar ere sentitzen gara. Usurbildar askorentzako lan egiten dugu”, adierazi digute Lanbide Eskolatik.

Usurbil F.T.-tik herri honen bizitzako urteko bi hasiera ekitaldi nagusietan parte hartuko dute aurten. Izan ere, aurtengo Sagardo Egunari ekiteko ohorea izan zuten, 50 urte betetako Saizar sagardotegikoekin batera. Oraingo honetan, herriko festak abiarazteko merezimendua izango dute. Elkarrizketatu genituen unean, bi omenduak prestatzen hastekotan ziren udaletxeko balkoitik adierazi nahi dutena. Izan ere, haien eguneroko hamaika lanen artean, urte berezia bizitzetik datoz. 

"Irakasleek izandako balentria" 
Zubieta Lanbide Eskolak maiatzaren 30ean borobildu zuen 50. urtemugari eskainitako ikasturtea, Zubietako herrian ospatu zuen. Aurretik, urrian Aniztasun Kulturalaren Egunaren bueltan, eskolako ikasleek ordezkaturiko komunitate ezberdinetako jatorrizko pintxoak sukaldatu eta dastatzeko aukera izan zuten, solidarioa izandako ekimenean. Urtean zeharreko plangintzan txertatu ohi dituzten ekimenei bide eman diete, baina 50 urteon testuingurura egokitu dituzte aurtengoan. Esaterako, urtarrilaren 30eko Lanbide Heziketaren Egunez, ginkana erraldoia egin zuten, “oso parte hartzailea eta aberasgarria” izan zela oroitarazi digute. Martxoaren 8an ikastetxetik igarotako emakumeen argazkiak jarri zituzten. Ikastetxearen “50 urte hauetako nortasunaren” ardatzetako bat izandako euskarari bere nazioarteko egunaren harira ikastetxearen anekdota historikoei lotutako galderen jolasa antolatu edota argazki zaharrekin egutegia kaleratu zuten. 

Ikastetxeko komunitatea blaitu dute ospakizun hauek guztiok. Urtemuga honi lotutako zikloa baliagarria izan zaie eguneroko jardunean bezalaxe, komunitate gisa sendotzeko, baina baita iraganera begiratuta, sorreratik orain arte eginiko ibilbidea aintzakotzat hartzeko ere. "Egun duguna betidanik izan dela dirudi, baina hori lortzeko jende asko aritu da lanean. Haiek erakutsi digute nondik etorri den guztia", nabarmendu digute. Urteotan lan egindako haiei guztiei esker ona adierazi nahi diete lerroon bidez. Besteak beste, haien ausardia nabarmendu digute; "orain arte irakasleek izandako balentria egitasmo berrietan parte hartzeko". Izan ere, sarritan aipatu da hamarkada hauetan, "Zubietako ikastetxea proiektu berri guztietan sartuta egon eta horren aldeko apustua" sustatzen duela. Ildo horretan, kokatu dute langileen aipatu hamarkadotako ausardia. "Ikastetxe on asko dago Euskadi mailan, baina Lanbide Heziketan Zubieta Lanbide Eskolak badu bere indarra", 50 urteotan agerian utzi duten moduan.

Bitan elkarrekin
Bitan elkartuko dituzte jaiok Zubieta Lanbide Eskola eta Usurbil F.T. Izan ere, festei hasiera emateaz gain, aurtengo soka-dantzan parte hartzera gonbidatu dituzte. Udaletxe atarian dantzan ikusi ahalko ditugu uztailaren 2an, 12:00etan hitzorduarekin bat egingo duten udal ordezkariekin batera. 

Usurbil F.T.-ren jaieguna
Ospakizunon atarian, aipatu dugunez, Lanbide Eskolak bere mende erdia oroitzeko zikloa amaitu du, Usurbil F.T.-k ez, ordea. Asteotan Sutegin izandako erakusketa bisitatu ahalko duzue ekainaren 25etik 27ra, 18:00-20:00 artean. Horrekin batera, larunbatean ospakizun eguna izango du futbol taldeen bilguneak. Izan ere, goizean, 10:00etatik aurrera, futbol eskolakoentzako eta infantil mailakoentzako ginkana antolatu dute. Gero, txaranga ibiliko da herrian zehar eguerdian nahiz arratsaldean ere. The Hastelen´s taldekoak gonbidatu dituzte iluntzeko erromerirako Mikel Laboa plazan eta haien ostean, Dj saioa izango da. Ospakizunon tartean, bazkaria egingo dute Agerialdeko frontoian. Egunotan izan da izen-emateko aukera. Txarangak giroturiko otorduan, urtemugako lepokoak banatu eta sortzaileak nahiz bidelagun izandako hainbat kide eskertu asmo dituzte.