Belaunaldi askotako herrikideak gazte txupinazoa noiz hasiko zain izaten dira. Jakin badakite eta, txosnagunea ireki eta herriko festak abiarazteko uneak izango duela ezustekorik. Azken urteotan, gazte mugimenduak ondutako antzezlan aldarrikatzaile batekin hasi dituzte festak frontoi atzean. Azken bi urteotakoak deigarri askoak izan ziren; 2024an sare sozialak eta komunikazio bide horietan zabaldutako "coaching"-aren fenomenoa eta horri lotutako mezu erreakzionarioak izan zituzten mintzagai. Iaz, Francoren heriotzaren 50. urtemuga irudikatu zuten, diktatorea bera berpiztuta. Mundu mailako egungo agintari ezagunak gonbidatu zituzten erdaraz eginiko bertso txapelketa berezi batera. "Francoren itzulera irudikatu genuen 50 urteren ondoren, umoretik, herriari erakusteko faxismoak bizirik jarraitzen duela". Gogora ekarri digutenez, bortitza izan zen "bandera falangista atera eta eskuartean izatea, oso arrotza noski". Bi testuinguruon artean bada lotunerik, Xauxar txosna batzordekoen esanetan. Errealitateon aurrean alternatiba bat aldarrikatzen dute gazte antzerkiaren bidez, aldarrikatzailea den jaietako espazio horretan. "Txosnaguneko balioak eta aldarriak bertan esplizituki azaltzen dira". Horien artean, herri ikuspegitik herrira begira gazteen artean sustatzen duten auzolana.
Aldarriak parodia bidez
Duela urtebeteko gazte antzezlanak izandako harreraren adibideetako bat da, noski, jaso zuten txalo zaparrada, edota entzundakoen artean, soinu teknikariek adierazi zietena. “Galdetzera etorri zitzaigun ea antzerki talde bateko kideak ote ginen. Txosnen batzordetik ateratako ideia izan zela erantzun genion”. Gainerakoan, urtez urte, haien sorkuntza lanak oso harrera ona jaso dutela nabarmendu digute Xauxar txosna batzordekoek. “Gu emanaldira gerturatu aurretik betetzen da txosnagunea. Gu iritsi aurretik jendea zain izaten den sentsazioa badugu”. Horregatik, txosnagunearen irekiera hutsetik, gazteei zuzenduriko emanaldia izatetik, "herri ikuspegi zabaleko" ikuskizunean bilakatu da festak abiatzeko gazte antzerkia.
Hartuemana sortu eta sendotzen doa, urtez urte gazte antzezleen eta aurrean haiei begira izan ohi diren ikus-entzuleen artean. “Aldarriekin jendea identifikatua sentitzen da, baina aldi berean ondo pasatzen du antzezlana ikusten. Parodia ukitu hori jendartera iristen da. Urtetik urtera, ekitaldira geroz eta jende gehiago bertaratzea bada horren sintoma”.
"Umore puntua eta une aldarrikatzailea"
Iaz izandako arrakastaren ondotik, aurtengoa prestatzen ari dira. Iazkoa hain borobila izan eta gero, adierazi digutenez, “presio puntu horrekin” murgilduak dira azken fasean. Sormenerako iturria zein ote den, antzezlanon abiapuntuaz galdetu diegu. “Hasieran, nahiko amaiera aldera naturaltasunez sortutako ideia izaten zen. Gero, sistematizatu genuen egitarauan, hitzordu garrantzitsua izango zela gazte antzerkia”. Azken edizioetan, urte hasieratik martxan jarri ohi dute lantalde bat. “Batzuetan, nahiko hasieratik ideia lotzen genuen eta gero, hilabeteetan zehar, ideia garatzen genuen. Beste urte batzuetan, ideia batekin joan gara eta jaiak hasi baino hiru aste lehenago beste bat bururatu, gehiago gustatu eta horrekin jarraitu izan dugu”, azaldu digute Xauxar txosna batzordetik. Horregatik, gaineratu dutenez, urteroko ideien bilaketa lana, “urtez urte, forma ezberdina hartzen duen zerbait izaten da. Gustuko izan edo konbentzitzen gaituen ideia hori bilatu arte, bilera ezberdinetan ideiak trukatzen ditugu”.
Sormen prozesu horrek "umore puntua eta une aldarrikatzailea" izan ohi ditu, baina gazte antzerkiaren sustatzaileentzat hori beti “zerrekin lotu” baduten artean. Lehenengo bi antzezlanak, esaterako, “balio zehatz batzuen aldarrikapenean” oinarriturikoak izan zirela gogorarazi digute, baina 2024koan eta iazkoan, “gaurkotasuneko eta aldi berean, kezka sortzen duten” gaiak plazaratu izan dituzte parodien bidez.
Etsipenari aurre egiteko
Xauxar txosna batzordeko kideekin bildutako unean, “gidoia ixteko puntuan” ziren, “entseatzen hastekotan”, aditzera eman zutenez. Guztiz ulergarria den moduan, ez dute lerroon bidez ezagutzera eman nahi zer plazaratuko duten uztailaren 1ean. Halere zertzelada orokor batzuk ematea erabaki dute. “Gazteen eta ez hain gazteen egungo mundu ikuskera, egun dagoen ezegonkortasun egoera hori erdigunera” ekarri asmo dute; horri lotuta, “dena hain gaizki doan, dena konponezina den, etsipenak eragindako desafekzio politikoa eta desaktibazioa” plazaratuko dute. Zehaztu digutenez, gazteen artean "bada halako etsipen bat, gure errealitatea aldatzeko gaitasun falta dugula, borroka garaiak iragandakoak izan zirela erabat barneratua izateagatik".
Egungo testuinguru horretatik, "orokorra izan, baina gazte guztion kezketatik ulertzen dugun" etsipen horretatik nola atera, horretaz ariko dira festen hasieran. Ezin aproposagotzat jotzen dute une hori, gai hau kaleratzeko baliatzea. Izan ere, adibidetzat jarri dute, abiatzear ditugun herriko jaietako txosnagunea bera. "Bost egunetan zenbat lan egiten duten gazteek, zer helduleku hobeagorik halako espazio hurbilak eta herrikoak baino, etsipen horren aurrean aktibaziorako deia egiteko eta nork bere eremutik eragiten jarraitzeko deia egiteko".
Hortik aurrera, “zer aldarrikatuko dugun norberak sumatu dezala”. Adi egon beharko dugu, beraz. Prestatzen ari direna, hilaren 1ean ezagutu ahalko dugu, Orbeldiko dantzariek arratsaldeko 20:00etan frontoian eskainiko duten emanaldia amaitu bezain laster. “Aurten ere espero dugu denon gustukoa izatea. Txosnen irekiera unea izango da. Herri osoa bertara joatera gonbidatzen dugu”.
Bai hasiera ekitaldira, nahiz bost egunez bertan prestaturiko ekimen eskaintza zabalean murgiltzera ere gonbidatu gaituzte. “Aurten, gonbidatu berezi asko egongo dira”, aurreratu dute Xauxar txosna batzordetik. Adierazi digutenez, festei ekiteko “gogotsu gaude. Hilabete asko daramagu lanetan horretarako”. Aurreko urteen ildotik, aurtengoan aldatuko ez den ezaugarririk izango du txosnaguneak. “Betiko apustua egin dugu, ahalik eta herritar gehienentzako espazioa izateko. Aldi berean, gazteok borrokarako espazio gisa bizi dugun aldarrikapenerako bost egun eder izango dira”.