Usurbilgo jaiak

Konpartsa berrituak urtebete, herri nortasunari lotuago

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 30a

Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa berrituak urtea bete du. Jaiotan itzuliko dira. Hainbat hitzordu iragarri dituzte egunotarako.

Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa non, hantxe erakartzen du belaunaldiarteko jendetza. Buruhandiak historikoki Usurbilgo herri eta auzo guztietako jaietan ikusi ahal izan ditugun arren, iaztik konpartsa gisa, erraldoi eta buruhandi talde berrituarekin plazaratzen hasi ziren herri bilguneak Udalarekin adostu eta sinaturiko lankidetza hitzarmenaren testuinguruan. Iazko herriko festetan aurkeztu zituzten, aurten bueltan izango diren buruhandi berriak ere.

Iazko festen denboralditik orain arteko denbora tartea igaro dute itzalpean, baina berriz plazaratzeko unea heldu zaie. Haien nahiz erraldoien xehetasunen berri ematen aritu dira azkenaldian sare sozialen bidez; batzuk ezezagunak zirenak orain arte. “Gure erraldoi eta buruhandiak prest daude kalera irteteko!”, iragarri du Lauburuk.

Bueltan izango ditugu datozen uztailaren 1etik 5erako herriko jaietan, “90. hamarkadan Irungo Garate etxeak” sortu eta 2016an berritutako bi erraldoiak; Ixidro baserritarren zaindaria eta herriko zaindariari gorazarre egin nahi dion Ixabel. “Izenik gabe egon ziren urte luzez”, gogorarazi digute Lauburu konpartsakoek. Baina deskribatu moduan, “egun badute nortasun propioa” eta izena ere bai. Hartara aiton-amon deitzeari uzten lagunduko digute izenok.

Aipatu konpartsakoek xehetasun gehiago ere eskaini dituzte haien izanari buruz. “Landa eremutik herrira hurbiltzeko ohitura handia zuten bere produktuak saltzera eta jai giroaz gozatzera”. Xehetasunokin Lauburu konpartsak argitu duenez, “herriko nekazal jardueraren pisu nabarmenaren adierazle dira oraindik bizirik eta jardunean dirauten hainbat baserri”.

Aukeratzen lehena
Horrekin batera, Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan lasterkaldi bizi askoak eragingo dituzten tximu, deabru, pailazo edota akerra berriz bueltan izango dira. Baina haiekin, iaz ikusmin itzela eragin eta estreinakoz, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldian aurkezturiko buruhandi talde berria ere bueltan izango dugu. Gogoan izan, sei dira, seiak herri honen nortasunari, ogibideei estuki lotutakoak. Haien artean da, nola ez, basurdea, “Usurbilgo ikur berezia!”, Lauburu konpartsako kideen esanetan, “buruhandi talde berria diseinatzerakoan hauxe izan zen aukeratzen lehena”. Zergatiak azalpen askorik behar ez duen arren, ezaguna denez, “gure armarrian ageri da eta herriko basoekin eta naturarekin lotura estua du”. Horrekin batera, “urteetan zehar, herriko sinbolo ere izan da, talde ezberdinen irudi izateraino. Letagin zorrotz eta belarri tentekoa, beldurra eta jakin-mina pizten ditu aldi berean”.

Aginagako Mapil aldetik itzuliko zaigu bigarren buruhandia datozen jaiotan. Bertako arotzak “irudikatzen du hiru lanbideetatik lehena: zurgintza eta ontzigintzaren ordezkaria da bera”. Garai hartako artisauak omenduko ditu, soinean ekarriko dituen laneko jantziekin. Berak ontzigintza bizi asko zegoen garaiko Aginagara eramango gaitu.

Mapileko arotzak ez du urruti izango aharia, herri honen garai bateko ohitura oroitarazten lagunduko duena; ahari borrokak hain zuzen. “Bi ahariren arteko talketan oinarritutako jokoak ziren eta plazak jendez betetzen ziren” iazko mende hasieran hain zuzen, azaldu dute Lauburu konpartsatik. Adi, iragarri dutenez, “mutur adar handikoa, gure aharia aurrean jartzen den edonor baztertzeko prest dago!”.

Ahariaz gain, oilarra ere badu buruhandi talde berrituak, “herriko jai giroko protagonista nagusia” dena. Izan ere, leku gutxitan eusten dioten ohitura zahar bati lekua ematen dio jarraitzen dio herri honek. “Oilasko biltzea gabe, nekez ulertzen dira Usurbilgo jaiak”. Oilarrak giro hori irudikatzen du. “Trikiti doinuen eta festazaleen artean ihesi dabilen oilarra” da, konpartsakoen esanetan.

Errotaria eta angularia
Ogibide gehiago ere irudikatzen du buruhandi talde berriak. Iazko estreinalditik bueltan izango dugunon artean da, emakumezko errotari gaztea, “Usurbilgo ondarearen zati garrantzitsu” gisa definitzen duena Lauburuk. Izan ere, “garai batean, errotak ezinbestekoak ziren”. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako familia giroko ogibidea “garia eta artoa xehatzeko” baliatzen zen. Errotarrien harria, “Andatza menditik ateratzen zen”.

Berarekin etorriko da berriz baita Aginagako erriberako angularia. “Aginagako angulak gure kulturaren parte eta ikur dira. Bertako jende askok jardun izan du lan” ogibide horretan. “Eskuetan sareta eta kriseilua” eta soinean, “jaka horia, mahoizko galtzak” darama “bibote handiko agureak”.


Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa jaiotan
Uztailak 1, asteazkena
19:00etako txupinazoaren ondoren, herri kalejira.

Uztailak 3, ostirala
12:30
Buruhandi eta erraldoiak.

Uztailak 4, larunbata
19:00 Buruhandi eta erraldoiak.

Uztailak 5, igandea
18:30 Buruhandi eta erraldoiak.