Usurbilgo jaiak

Haira Rivero Arrietarena, egitarauaren diseinu lana

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 30a

Haira Rivero Arrietarena da, eskuartean duzuen datozen jai egitarauaren diseinu lana. Aurtengo egitarau diseinu lehiaketako txapeldunarekin izan da hedabide hau.

Usurbilgo jaiak prest dira mamiz, baita itxura aldetik ere. Izan ere, otsailean biltzen hasten da jai batzordea eta jaiegunak finkatzearekin batera hasten dira bilgune horretan batzen diren norbanakoak eta eragileak egitaraua lantzen. Bi lanketa bide jorratzen dituzte; batetik edukiari dagokiona. Jai batzordeak Potxoenean eginiko bileretan joaten dira adosten, zehazten zer ekintza, noiz, nola txertatu egitarauan.

Paraleloki, ordea, txupinazoa nork jaurti erabakitzeko herritarrei hitza ematen dien moduan, jai batzordeak lehiaketa ireki bidez hautatzen du Usurbilgo jaien berri ematen digun euskarri nagusiak, egitarauak izan beharreko itxura. Aurtengoan ere, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldirako ekarpenak biltzeko finkatutako epealdi beraren baitan, hau da, apirilaren 21etik maiatzaren 19ra diseinu lanak aurkezteko gonbita egin zieten herritarrei. Tarte horretan, hiru sorkuntza lan aurkeztu zirela jakinarazi zuen jai batzordeak, ekainaren 17an, Mikel Laboa plazan eginiko herriko jaien aurkezpen ekitaldian.

Eskuragarri
Proposamenak aztertu ondoren, bat hautatu behar zuen epaimahaiak. Uztailaren 1etik 5era izango ditugun hitzorduen berri ematearekin batera jakinarazi zuten, nor izan den aurtengo egitarau diseinu lehiaketako irabazlea. Albiste honi atxikitako irudian duzue, Haira Rivero Arrieta izan da.

600 euroko saria jaso du herrikideak. Jai batzordeko kide Eider Goenagak azaldu zuen epaimahaiak zergatik hautatu zuen Rivero Arrietaren sorkuntza lana. "Epaimahaiak aurreko urteetako egitaraua desberdina izatea hartu du kontuan, festa girokoa izatea, kolore biziak izatea eta mezu osagarriak argi adieraztea, besteak beste".

Egitaraua paperean postontzian jasotzeaz gain, telematikoki eskuratzeko aukera duzue Usurbilgo Udalaren usurbil.eus atarian nahiz usurbilkultura.eus plataforman eta paperean nahi izatekotan, Artzabalgo eta Santueneako zahar egoitzetan, Sutegi udal liburutegian, Potxoenean edota Oiardo kiroldegian.



"Kolore primarioak erabili ditut, esentziara bueltatzeko"
Izatez diseinatzailea barne diseinua ikasi baitzuen, baina masterra diseinu grafikoan egin zuen. Dena den, orain hezkuntzan dabil lanean.

Lehenengo aldia al da jaietako egitaraua diseinatzeko lehiaketan parte hartzen duzula?

Haira Rivero Arrieta: Duela urte asko, ikasle nintzela, Dantza Eguneko kartela egin nuen. Festetako egitarau lehiaketan beste behin hartu nuen parte duela urte batzuk, baina ez nuen irabazi. Aurten, ideia bat okurritu zitzaidan, eta ideia horrekin aurrera egin nuen.

Nola bururatu zitzaizun ideia?
Ni Txirikordan bizi naiz, eta zaintzaren ekosisteman nago sartuta, herriko zaintza talde batean ere sartuta nago. Orduan, zaintzaren begirada horrekin okurritu zitzaidan festak beste ikuspuntu batetik ere ikustea daudela.

Eta zein da ikuspuntu hori?
Etxe barruetatik ikusten dena, agian, kanpora atera ezin duenaren ikuspuntua. Kartelean ikusten dena. Leihoetatik zer ikusten den jaietan azken finean. Nahiz eta gu ez konturatu leiho horien atzean jende asko dagoela, eta kalearen bizitza ikusteak bizipoza ematen diela.

Lehiaketa irabaztea espero zenuen?
Nire amak esaten dit askotan, zerbait sortzen duzunean badakizula ona, txarra edo erdipurdikoa den. Nik banekien ideia ona zela. Kolore aldetik ere kolore primarioak erabili nituen esentziara bueltatzeko; hain-beste kolore eta interakzio dugun mundu honetan oinarrira bueltatzeko. Ni gustura geratu nintzen diseinuarekin, eta esperantza banuen egia esan.

Irabazlea zinela esan zizutenean, zer sentitu zenuen?
Pozik sentitu nintzen. Hondartzan nengoen, eta lasai-lasai harrapatu zidaten. Dei bat jaso nuen, eta Maite zela esatean banekien zer-tarako zen deia. Iaz ni epaimahaikidea izan nintzen, eta banekien data horietan zerbait jakin behar nuela. Zain nengoen ea deia jasotzen nuen ala ez.

Sekretua gorde duzu ala ingurukoei esan diezu irabazlea zarela publiko egin aurretik?
Hasieran ez nuen asimilatu eta ingurukoei esatea kosta zitzaidan. Familiari segituan esan nion, eta lagunei pixkanaka esan nien, ez dakit zergatik. Baina ikusiko dute ni naizela irabazlea.

Eta urduri zaude publiko egiten denean jendeak nola hartuko duen ikusteak?
Pixka bat bai. Azken finean, zerbait sortzen duzun momentuan jendeak epaitzeko eskubide hori dauka, eta
egingo du.