Badatoz herriko festak. Jaiak hastear dira. Hamaika ekintza izango da uztailaren 1etik 5erako ospakizun zikloaren baitan. Horien artean, bada asteotan jokoan izango den txapelketa baten amaiera. Ekainaren 21eko asteburuan jokatutako finalerdien ondotik, final handiaren atarian da Usurbilgo 53. Pilota Txapelketa. Izan ere, ostegunean, uztailaren 2an jokatuko dira azken neurketak, txapeldunak nortzuk izango diren erabakiko dituztenak frontoian.
Finalistak zeintzuk diren erabakia dago. Finalisten artean, usurbildar bat izango da, Xabier Santxo Sagardia. Berarekin lehiatuko da Behar Zana taldeko Urruzola. Biak dira finalerako sailkaturiko bikoteetako bat; bestea Txoperena-Goikoetxea leitzarrak. Bi bikoteok uztailaren 2an lehiatuko dira final handian. Gogoan izan, iaz Santxo-Urruzola izan zen txapelketako bikote garailea. Aurten, berriz finalera iritsi dira.
Hala erabaki zen duela bi asteburu jokatutako Usurbilgo LIII. nagusien txapelketako finalerdietan:
Santxo-Urruzola (Pagazpe/Behar Zana) 22-18 Sasiain-Arroita( Abantzu/Lemoa)
Txoperena-Goikoetxea (Leitza) 22-13 Galartza-Galartza (Larraun)
Haiekin batera, gazteen arteko finala ere jokatuko da. Kasu honetan, ez da herri ordezkaririk izango.
Herri mailako pilota txapelketako finalarekin batera, kirol hitzordu gehiago izango dira abiatzear ditugun festa hauetan. Hemen duzue hitzorduon agenda:
Usurbilgo jaietako kirol hitzorduak
Uztailak 1, asteazkena
19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera, Usurbil Futbol Taldearen eta Zubieta Lanbide Eskolaren eskutik.
Uztailak 2, osteguna
17:00 LIII. Esku pilota txapelketako finalak:
-Gazte mailan: Zufiria / Cestau (Behar zana) - Arregi / Zabala (Azkoitiako Oteiza/Abantzu)
-Nagusien mailan: Santxo / Urruzola (Pagazpe/Behar zana) - Txoperena /Goikoetxea (Leitza)
17:00 Euskal Selekzioaren Aldeko “auntoke” Txapelketa Mikel Laboa plazan. (LH 3tik LH 6ra bitarteko gaztetxoentzat) Izen ematea: 16:30.
Uztailak 4, larunbata
12:30 Herri kirolak. Herritarrez osatutako bi talde lehian: txinga, trontza, aizkora, korrika, zaku eramatea, giza proba eta harri jasotzea.