Uztailaren 3a izango da gaztetxoenei zuzenduriko egun nagusia. Hilabeteotan ekimen sorta hori prestatzen aritu da guraso taldea. Egunpasa horri, ohi bezala, udaletxe aurreko ereserkiarekin ekingo zaio. Gero, ekainaren 21a baino lehen izena emandako LH1-4 artekoek ginkanan parte hartu ahalko dute eta erronkan LH5-DBH2 artekoek.
Ekintza horiei begirako pare bat ohar plazaratu dituzte antolatzaileek asteotan. Batetik, “partehartzaile guztiek koadrodun zapia ekarri beharko dute, elkarrekin Haurren Eguneko abestia kantatu ondoren, jolasetan parte hartzeko”. Bestalde, ginkanako parte hartzaileek kolore hauetako kamiseta jantzita agertu beharko dute: LH1ekoek urdina, LH2koek berdea, LH3koek txuria eta LH4koek morea. Bai ginkanan baita erronkan parte hartuko dutenei aldatzeko arropa ekartzea gomendatzen diete antolatzaileek.
Aipaturikoez gain, hitzordu gehiago ere izango dituzte gaztetxoenek, uztaileko lehen ostiralean; txikienentzako puzgarriak, txutxu tren arrakastatsua, edota txokolate janak, ur puzgarriak, apar festak eta Kaktus Djak girotuko duen arratsalde pasa Artzabalen.
Umeen Eguna antolatzen aritutako herriko guraso taldeak ekintzez beteriko eguna iragarri dute, hilaren 3rako; jolasak, txokolate gozoa dastatzeko aukera, puzgarriak, apar festa, DJa... Jolastu, dantza egin eta lagunarte giro ederrean pasatzeko eguna izango du belaunaldi gazteenak ostiral honetan, uztailaren 3an:
Usurbilgo jaiak: Umeen Eguna
Uztailak 3, ostirala
09:45 Haur eta gazteei harrera Joxe Martin Sagardia plazan.
10:00-13:00 Txikienentzako puzgarriak frontoian.
10:00-12:00 Ginkana (LH 1etik LH 4ra).
10:00-12:00 Gaztetxoentzako erronka (LH 5etik DBH 2ra).
10:30-11:30 Txutxu trena. Eguneko zentroa eta Artzabalgo helduak.
11:30-13:30 Txutxu trena Bordatxo aurretik.
12:30 Buruhandi eta erraldoiak.
13:30 Umeen bazkaria Artzabalen (norberak ekarrita).
15:30-17:30 Txutxu trena Bordatxo aurretik.
15:30 Ur puzgarriak eta apar festa Artzabalen.
18:00 Txokolate jatea eta Kaktus DJa Artzabalen.