Abiatzear ditugu herriko festak. Dantza, korri, mugitu, bizi... eta gehiago egingo du herri honek datozen bost egunotan. Horregatik, ezinbestekoa izango da ahultasun unerik izateko, bapo jan eta edatea. Horretan ere ondo hornituak datoz Usurbilgo festak. Egunero izango dugu hitzordu gastronomikoren bat Usurbilgo festa hauetan.
Ekintza horien bidez, otordu hainbat lagunartean, festen eremutik irten gabe egiteko aukera izango da. Halako ekintzaren batean murgiltzen lehenak, estreinakoz festa giroa plazara ekarriko diguten oilasko biltzaileak izango dira, asteazken honetan bertan, uztailaren lehenean.
Biharamunean, hiru belaunaldiren topaketak ospatuko dira; haurren bazkaria, gazteena eta jubilatuena egingo da herriko beste hainbeste espazioetan.
Larunbatean, zikiro jana izango da. Dakizuenez, txartelak eskuratzeko aukera izan zen iragan hilaren 19an. Berehala agortu ziren. Antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dituzte lerroon bidez, deialdiak izan duen harreragatik. Haien esanetan, urtero gehitzen doa hitzorduak erakarritakoen kopurua. Aurten, batzuk txartelik gabe geratu dira. Horren harira dator, zikiro janaren prestatzaileek bideratu nahi duten oharra. Txartela erosi duen norbaitek zikiro janera joan ezin badu, txartelak itzultzeko deia egin dute. Horretarako, telefono zenbaki honetara deitzea galdegin dute: 608045479 (Igor). Hala egiten dutenei dirua bueltatuko diete.
Festak amaitzeko, paella lehiaketa ospatuko da uztailaren 5ean txosnetan. Hainbat lagun kuadrilla elkartu ohi duten ekimenak, jaki hau prestatzen dutenei, elkarrekin Mikel Laboa plazan afaltzeko aukera emango die, jaien amaiera ekitaldira joan aurretik.
Usurbilgo jaiak
Uztailak 1, asteazkena
06:00 Oilasko biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.
14:00 Oilasko biltzaileen itzulera eta bazkaria.
Uztailak 2, osteguna
12:00 Soka dantza Joxe Martin Sagardia plazan.
Jarraian, lore eta salda banaketa.
Uztailak 3, ostirala
13:30 Umeen bazkaria Artzabalen (norberak ekarrita).
14:00 Jubilatuen bazkaria Atxega Jauregian.
14:30 Gazte bazkaria txosnetan.
18:00 Txokolate jatea eta Kaktus DJa Artzabalen.
Uztailak 4, larunbata
14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan.
Uztailak 5, igandea
18:30 Paella lehiaketa txosnetan (izen ematea: 18:00).