Usurbilgo jaiak

Jaietarako bi elementu ahaztezin

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 1a

Datozen festetan ospakizun giroan murgiltzeko geurekin eraman beharreko ezinbesteko bi elementuak zeintzuk diren gogorarazi dizkigu jai batzordeak asteotan.

Ondo begiratu albiste honi atxikitako irudiari. Ekainaren 17an, Usurbilgo jai batzordeak eginiko datozen festen herri aurkezpenekoa da. Bertan bildu ziren jaien antolakuntza lanetan parte harturiko eragileak. Bakoitza antolaturiko ekimenaren ispilu izan daitekeen janzkerarekin edo osagarriekin plazaratu zen. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsakoek, esaterakoa, konpartsako ordezkaritza bat eraman zuten agerraldira. Kamiseta gorriekin plazaratu ziren, Haurren Eguneko ekimenak prestatzeaz arduraturikoak.

Usurbilgo Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira uztailaren 2an. Haren antolatzaileak Pagazpeko kamisetekin agertu ziren aurkezpen ekitaldira edota kamiseta gorri eta urdinekin, bestalde, herri kiroletan lehiatuko diren herrikideak. Gazteen mugimendukoak ere bertan izan ziren, baita Gure Pakea elkartekoak ere edota zikiro jana antolatzeaz arduratuko direnak. Bakoitzak antolaturiko ekimenaren adierazle diren osagarri edo janzkerarekin kaleratu zen hitzordura. Denek, ordea, bi elementu amankomun zituzten; batetik, lepokoa, koadrodun zapi ezaguna, eta bestalde, agerraldiaren amaieran erakutsitako edalontzi berrerabilgarria, nork bere etxetik ekarria.

Horretara gonbidatu gintuzten gainerakoak. "Primerako festak ditugu ate joka eta herritar guztiok gonbidatu nahi ditugu koadrodun zapia jantzi eta festetan parte hartu eta ondo pasatzera", egin zuten deia jai batzordetik. Horrez gain, honako oharra ere plazaratu nahi izan zuten; "aurtengo festetan ez ahaztu norberak etxetik edalontzia ekartzea".