Usurbilgo jaiak

Biran hasi dituzte jaiak, herrikide eta eragile hainbat bildutako kalejirarekin

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 2a

Jaien hasierak izaera ibiltaria du aspaldi honetan Usurbilen, urte urtez errotzen doan herri kalejirari esker. Aurtengoa ere jendetsua izan da. Ekimenak bidelagun izan ditu hainbat eragile eta herrikide.

Mugimendu bizian ekin zaie Usurbilgo jaiei, intentsitate eta emozio handiz, beste urte batez. Asteazken arratsaldeko 19:00etan udaletxe atarian ospaturiko hasiera ekitaldiaren ondotik, herri bizia dugun adierazle argienetakoa izan da, aurtengo lehen ekimenetakoa izan den herri kalejira.

Badira zenbait urte, txupinazoa hitzordu horren abiapuntu izaten dena. Askotariko bidelagunak elkartzen ditu, aurten bezalaxe; batetik, jaiotan lehen aldiz plazaraturiko Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Urtea bete duten buruhandi talde berrituarekin agertu dira. Hazi da buruhandi kopurua, baina baita erraldoiena ere, ondoko irudiotan ikusi ahalko duzuen moduan.

Ohi bezala, herri nortasunari estuki atxikitako buruhandiek lasterketa eta ihesaldi bizi askoak eragin dituzte kalejira horretan zehar. Erraldoiak maisuki aritu dira modu ezin koordinatuagoan dantzan. Bidelagun izan dituzte herriko txistulari nekaezinak.

Hitzordua musikatu dute baita, udaletxeko jaien hasiera ekitaldira joandako Jaixkipe txarangako kideek. Eta haiekin, ereserkia dantzatzetik zetozen eta segidan, frontoian emanaldia eskaintzekoak ziren Orbeldiko kideak. Herri kalejira dantzaz girotu dute hainbat geldiuneetan.

Haien guztien atzetik, herritar mordoa abiatu da udaletxe paretik. Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea eta Mikel Laboa plaza zeharkatu ditu kalejirak. Frontoian izan du helmuga, erraldoien lehen eguneko azken erakustaldi ederrarekin.

Herria festa giroan murgildu eta bideratu duen ekimena, beraz, indartzen doana urtetik urtera.