Inork modurik bizienean hasi baditu festak, horiek Orbeldi dantza taldeko kideak dituzue. Izan ere, herriko jaiak ofizialki hasi diren unetik lehen ordu eta erdian geratu gabe aritu dira, dantza batean. Hala murgilarazi dute herria, Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k jaurtitako txupinazoaren ostean, Jaixkipe txarangako kideak ereserkia jotzen hasitako unean.
Jada errotua den ohitura hori dantzagarri egiten du Orbeldik urtero. Une hori izaten da, gainera, gero, kaleetan barrena festa giroa zabaldu ohi duen herri kalejiraren abiapuntua. Kalejira horrek zenbait geltoki izaten ditu eta horietan ere aurreko urteen antzera, dantzan aritu da Orbeldiren belaunaldi gazteena.
Aurtengoan ere herri kalejira horrek frontoia izan du helmuga eta bertan eskaini dute, azkenik, emanaldi ofiziala. Erakustaldi bikaina eskaini diete pilotalekua goraino bete duten herritarrei. Kalezarko jaietakoaren ostean, honako hau da hain zuzen, uda parteko festetan egin ohi duten biraren baitako bigarren saioa; ohi bezala, eder askoa, irudiotan ikusi ahal duzuen moduan.