Mende erdia bete du Usurbil F.T.-k eta herriko festen hasieran gogotik borobildu ahal izan dute. Ospakizun zikloa amaitu berritan igo dira asteazken honetan, uztailaren lehenean, udaletxeko balkoira. Gogoan izan, urte hasieratik 50. urtemuga ekimenen garai betean izan dira aipatu bilguneko kideak eta azken asteotan, hainbat hitzordu bideratu dituzte; hala nola, urtemugako erakusketa Sutegin, beteranoen arteko partidak edota ekainaren 27an eginiko egun osoko jaialdia.
"Astelehen" horrekin heldu dira, ziklo hau borobiltzeko festei hasiera emateko ohorez beteriko une horretara. Arratsaldeko 19:00etan, udaletxe atariko plaza goraino betea zela hartu du hitza, beste eragile omendu 50 urte betetako Zubieta Lanbide Eskolakoekin batera, Usurbil F.T.-ren lehendakari Ainhoa Azkuek.
Eskertza eta aitortza hitzak nagusitu dira bere diskurtsoan zehar. 1976tik hona jorraturiko ibilbidea ahalbidetu dutenak hartu ditu gogoan. Segidan duzue, Azkuek adierazitakoa:
Usurbil F.T.-ren eskertza
"Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu Usurbilgo herritar guztiei, baita jai hauek posible egiteko lanean aritu diren guztiei ere. Aurtengo urtea, oso berezia da Usurbil F.T.-rentzat. 50 urte bete ditugu gure herrian futbola sustatzen, belaunaldiak batzen eta Usurbilekiko ahalegina, konpromisoa, laguntasuna eta maitasuna bezalako balioak transmititzen. Mende erdi honetan zehar, ehunka haur, gazte eta heldu gure familiaren parte izan dira, batzuk zelai barruan, batzuk kanpoan, baina denek helburu batekin; gure kluba eta herria haztea. Gainera, harro gaude une hau Zubieta Lanbide Eskolarekin partekatzeaz, gaur omenduko den beste herriko eragile handia da eta. Izan ere, gurekin batera, 1976tik ari baitira herritik eta herriarentzat hezkuntza sustatzen, gazteen belaunaldiak trebatzen eta gure ingurunearen garapenean laguntzen. Hainbeste urtez egindako lanak ere merezi du aitortza.
Gaur gu gara hemen goian gaudenak, baina jakin badakigu, askoz pertsona gehiago ordezkatzen ditugula; zuzendaritza batzordeetako kideak izan direnak ordezkatzen ditugu, entrenatzaileak, irakasleak, boluntarioak, familiak, laguntzaileak eta beren lanarekin eta dedikazioarekin honaino iristea ahalbidetu duten pertsona horiek guztiak. Esker hitzak esatea besterik ez zaigu geratzen. Gaur gurekin egon ezin dutenak ere gogoratu nahi ditugu, honaino ekarri gaituzten bidea eraikitzen lagundu duten pertsona guztiak; bai Usurbil F.T., bai Zubieta Lanbide Eskola urtez urte hazten jarraitu dezagun, denbora, esfortzua eta ilusioa eskaini dioten guztiak. Izan ere, haiek gabe ezinezkoa litzateke gaur gu balkoi honetan egotea.
Jai hauetaz alaitasunez, errespetuz eta giro onez gozatzea espero dugu, partekatzeko, berriz elkartzeko eta denon artean herria egiten jarraitzeko egunak izan daitezela. Eman diezaiogun hasiera, urtebetez itxarondako festa hauei. Eman diezaiegun hasiera, 2026ko Santixabelei! Gora Usurbil! Gora Santixabelak!