Hedabide honi eskainitako elkarrizketan aurreikusia zuten, 50 urteotako ibilbide oparo hau borobiltzeko une ederra izango zela festen hasieran egoteak ahalbidetuko ziena. Eta aurreikuspena bete da guztiz.
Usurbil F.T.-rekin gertatu moduan, Herritarren bozkek eta jai batzordearen hautaketak erabaki du futbol taldeen bilgunearekin batera, aurtengoan Zubieta Lanbide Eskola izatea herriko festak abiaraziko zituena.
Asteazken honetan, uztailaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan txupinazo ekitaldi horretan, Usurbilgo alkateak hitza hartu ostean heldu da omenduen txanda, 50 urte bete betetako Usurbil F.T. eta Lanbide Eskolako ordezkariena hain zuzen.
Zubietako ikastetxearen izenean, haren zuzendari Isidro Zalduak hartu du hitza. Bertan egotea ahalbidetu duten guztiak eskertuz hasi da hizketan. Nola ez, segidan, 50 urteotako ibilbidea nabarmendu du gero, Zubieta Lanbide Eskola aitzindari eta erreferentzial bilakatu duten ardatz nagusiak ekarri ditu gogora eta nola, mende erdia beteta, egitasmoa jaiotzen hasitako abiapuntura itzuli diren asteazken honetan; udaletxeko balkoira.
Zubieta Lanbide Eskolaren eskertza
"Arratsalde on Usurbil! Zubieta Lanbide Eskolaren komunitatearen izenean nator hona. Komunitate horren parte dira gure ikastetxetik igarotako langile, irakasle eta ikasleak eta badakit, zuetako asko gaur plaza honetan zaudetela. Ohore handia da guretzat, gaur, festen hasieran udaletxeko balkoian egotea. Eskerrak eman nahi dizkiegu Agurtzane alkateari, gobernu taldeari, jai batzordeari eta Usurbilgo guztioi ere bai, dudarik gabe!
Zubieta Lanbide Eskolak duela 50 urte hasi zuen bere ibilbidea Usurbilgo Udalean, Benantxio apaizaren eta hainbat usurbildarren lanari esker. Lehen bi urteak Aginagan egin ondoren, Zubietan jarraitu du bere ibilbidea gaur arte. Hasieratik, Usurbilgo eta eskualdeko gazteak gizartearen eta industriaren helburu izan dira, bikaintasuna, inklusioa, berdintasuna, jasangarritasuna eta berrikuntza ere bai. Eta 50 urte hauetan zehar, konpromiso berarekin jarraitu dugu ikastetxean; gazteak lan mundura eta gizarterako prestatzen. 50 urtere ondoren, berriz ere hemen gaude, Santixabel jaiei hasiera ematen. Gora Santixabelak, gora Usurbil eta gora usurbildarrak eta gora Zubieta Lanbide Eskola! Eskerrik asko!